euskal presoak

EPPK-k bere iritzia entzuteko eta aintzat hartzeko eskatu du

Herriak aldizkariari elkarrizketa eman dio Josetxo Arizkuren kolektiboko mintzakideak. "Partaidetza aktiboa nahi dugu gatazka konpontzeko prozesuan eta presoak kaleratzekoan". "Bizikidetza elikatzeko", sakabanaketa amaitzeko galdegin du, eta dio prest daudela biktimekin egoteko.

Josetxo Arizkuren, 2013an, Espainiako Auzitegi Nazionalean. CHEMA MOYA, EFE
enekoitz esnaola
2019ko otsailaren 25a
18:42
Entzun

Josetxo Arizkuren Ruiz (Iruñea, 1958) euskal preso eta EPPK-ko mintzakideak adierazi du "bizikidetza elikatzeko keinuak" behar direla, eta hartarako presoek "erabaki egokiagoak" hartu ahal izateko ezinbestekoa dela sakabanaketa bukatzea eta EPPKrekin hitz egitea. "Partaidetza aktiboa nahi dugu gatazka konpontzeko prozesuan eta presoak kaleratzekoan. Horretarako, gure iritzia entzun eta aintzat hartu behar dute. Izan ere, hainbat eskakizun egiten dizkigute oraindik ere, baina eskakizun horiek agindu gisara egiten badira, kolektiboko kide gehienek ez dituzte onartuko. Gauzak hitz egin eta adostu egin behar dira, gure ustez". Herriak aldizkari monografikoan egin ditu adierazpenok Arizkurenek. Herriak-ek bere 2. zenbakia Euskal Herriko konponbide prozesuari eskaini dio —Bakea eta Duintasunak argitaratzen du; Foro Sozial Iraunkorreko partaidea da—.

EPPK "erabateko konponbidearen" aldekoa dela dio euskal presoak eta "erabakitasun handiz" ari direla ematen pausoak, baita haientzat "berriak diren zenbait eremutan" ere. "Kolektiboaren jokabideak harridura eta nahasmendua eragiten du botere organoetan: Espainiako Gobernuan, Espetxeetako Instituzioetan, organo judizialetan...". Eskatu die ezar dezatela "legedi arrunta, xede guztietarako". PPren gobernuaren aldean PSOErenak beste adierazpen batzuk egin dituela dio EPPK-ko mintzakideak, "baina, oraingoz, aldaketak oso mugatuak dira". Frantziako Gobernua baldintzatzeko Espainiako "presio lobbyen" lana deitoratu du. 

Eragindako minaz

Arizkurenek Herriak aldizkariko elkarrizketa esan du ezker abertzaleak "argi eta garbi" aitortu duela dokumentu batzuen bidez ETAk eragindako "oinazearen erantzukizuna", eta EPPKren prestasuna azaldu du bide horretan segitzeko; besteak beste, biktimekin egoteko. "Kolektibo gisa, beti egongo gara bakera, bizikidetzara eta gatazka gainditzera garamatzaten bideak jorratzearen alde. Baina giro egokia sortu behar da". Errefusatu egin du "irabazle-galtzaile eskemaren irudikapen publikoa". 

Haren esanetan, "bereizi" egin behar dira ziklo armatuaren ondorioak eta ziklo politikoa. "Bigarren ziklo hori ez da gainditu, eta erabakitzeko eskubidea du giltzarri". Nabarmendu du "beste oinarri batzuk" dituen etorkizuna eraikitzen hasi behar dela, "iragana ahaztu gabe". Guztien parte hartzea eskatu du. 

Murtziako (Espainia) kartzelan dago Arizkuren, lehen graduan. Bihotzeko gaixotasun larri bat dut. Hemeretzi urte daramatza preso.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.