Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) amaitu du udazkenean abiatu zuen barne eztabaida. «Erabaki sendoak» hartu dituzte hango kideek, eta haien berri emango dute datorren larunbatean, 11:00etan, Gernikako Elai Alai aretoan egingo duten ekitaldian.
Euskal preso politiko ohi eta EPPK-ko kide ohiek atzo Bilbon eman zuten prentsaurrekoan ez zuten EPPKren erabakirik aurreratu, baina kolektiboak birritan esan duena berretsi zuten: «Salbuespen neurriak altxatzen doazen heinean, prozesuaren araberakourratsak egiteko prestasuna adierazi nahi du kolektiboak». Nabarmendu dutenez, prozesuan «baldintza berriak» sortu nahi ditu EPPK-k. Nolanahi ere, lan horretan, borrokari ez diotela utziko eman dute ulertzera: «Borrokak ekarri du kolektiboa honaino, eta borrokak irekiko ditu askatasuneko ateak».
«Une politiko historikoaz jabetuta», udazkenean hasi zuen eztabaida EPPK-k, preso ohiek azaldu dutenez, «Nazio Askapen Mugimenduaren estrategia egokitzapena eta honek eragindako egoera politikoa oinarritzat hartuz». Estrategia berregokitze horretan, EPPK-k ere bere ildoa definitu duela jakinarazi dute preso ohiek. Hori eginda, EPPK-k bi gauza argi utzi dituela ulertzen dute: batetik, izaera kolektiboa agerian utzi dutela diote, eta bestetik, «gatazkaren parte zein ondorio izanik, prozesuan parte hartzeko duen eskubide osoa» mahaiaren gainean jarri dutela.
EPPKren enkarguz agertu ziren atzo preso ohiak prentsaren aurrera. Nerea Garrok, Jabi Mouescak eta Mertxe Galdosek irakurri dute testua, euskaraz, frantsesez eta gazteleraz. Haiez gain, beste hainbat preso ohi ere agertu ziren, besteak beste, Arantza Zulueta, Itziar Galardi, Mitxel Sarasketa, Iñigo Elkoro eta Estanis Etxaburu. «Kolektibo osoak batzen duen espetxe istorio eta esperientziatik elikatutako preso politiko ohi» gisa definitu zuten beren burua.
«Harro» daude EPPK-ko kide izan direlako. Espetxean egon diren bitartean, familiakoen eta lagunen berotasunaz gain, kolektibo hori jotzen baitute beraiek «aurrera jarraitzeko hauspoa». Kemena eta indarra eman dizkiela diote: «Duintasuna tinko mantentzen lagundu eta burua tente eramaten erakutsi» diela. Horregatik, kolektiboari asko zor diotela sentitzen dute.
Eztabaida eta oztopoak
Preso ohiek azpimarratu dute EPPK etengabe dagoela eztabaidan. Horrekin, «Estatuaren gobernu ezberdinek» kolektiboaren kontra erabilitako salbuespen egoera guztiei aurre egitea lortu dutelakoan daude: «Porrot egitera bidali ditugu saiakera guzti horiek».
Eztabaida horiek egiterako orduan, gainera, «traba» asko jarri dizkietela nabarmendu dute: «Komunikazioaren interbentzio eta murrizketak, miaketak, toxikazio politika, damu eta xantaia eskaintza iraunkorra...». Eta hala eta guztiz ere, eztabaida egiteko ahalmena izan dutela goretsi dute: «Kolektiboa gai izan da, beste behin ere, eztabaida sakona burutzeko eta egoerak eskatzen duen adinako arduraz jokatzeko».
Horregatik guztiagatik, kolektiboko kideek urteetan edukitako jarrera defendatu dute: «Une honetan zabaldu diren aukera eta baldintzak urte luzeetako kide askoren borrokari esker izan dira».
EPPK-k eztabaidaren ondorioen berri emango du larunbatean
«Hartutako erabaki sendoen berri» emateko, ekitaldia egingo dute Gernikako Elai Alai aretoan, 11:00etanEPPK-k prozesuan «baldintza berriak» sortu nahi dituela esan dute preso ohiek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu