EPPK-k "ildo berriari" ekitea erabaki du, hango kideen %73,4k ontzat jo dutelako zuzendaritzak barne eztabaidarako prestatutako oinarrizko txostena. %87,2ko parte hartzea izan da, kolektiboak BERRIAri helarazitako agiriak dakarrenez. %14k aurka bozkatu dute. "Kolektiboak inoiz egin duen eztabaida aberatsenetarikoa izan da", dio EPPK-k. Iazko urte bukaeran hasi ziren hausnarketa prozesuan, eta ekainean amaitu dute.
Hala erabakitzen duten presoek, ondorioz, "herriari atxikita", Espainiako eta Frantziako estatuetako legedia modu zabal batean jorratuko dute —gradu aldaketak, baimenak...—, beti ere "muga" modura "damutzea eta salatzea" jarrita, eta kolektiboak preso oro babestuz. EPPK-k udan emango du bide orriaren berri.
Bozketa
345 presoko errolda. EPPK-k agiria egitean kolektiboan 334 kide zeuden, baina 345 lagunek izan dute botoa emateko aukera, batzuek prozesuan zehar kalera irteteko aukera izan baitute.
Prozesuko parte hartzea: %87,2koa. 301 lagun.
Txostenaren alde: %73,4. 221 boto.
Kontra: %14. 42 boto.
Txuriz: %5,9. 18 boto.
Prozesuan parte hartu dutenen abstentzioa: %6,6: 20 preso.
Beste 40 kasu. EPPK-k dio beste 40 kideren ekarpena edo botoa ez duela izan jasotzerik, "arrazoi eta arazo desberdinengatik": batzuek hurbil zutelako aske irteteko eguna, beste batzuen gaixotasunagatik, "sakabanaketaren traba gaindiezinagatik", ez dutelako parte hartu prozesuan, edo "beren burua EPPKtik kanpo kokatzen dutelako".
EPPK-ko kideek datozen hilabeteetan zuzendaritza berria hautatuko dute, zortzi lagunekoa. Presoek proposatutako izenak datoz agirian.
BERRIAk bihar argitaratuko du dokumentua.