EPPKrekin biltzeko debekua kentzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari

Egin Dezagun Bidea herri ekimenak dei egin du irailaren 17an egingo den manifestazioan parte hartzeko

Deialdiarekin bat egin duten arte eszenikoetako kideak, atzo. J. URBE / ARP.
jokin sagarzazu
Donostia
2011ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Gernikako Akordioaren sinatzaileek EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren ekarpenak jasotzeko zailtasunak dituztela salatu du Egin Dezagun Bidea ekimenak, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio bi eragile horien arteko harremana «galarazten» duten neurriak indargabetzeko.

Gernikako Akordioaren sinatzaileek, otsailaren 18an jakinarazi zuten euskal presoen kolektiboarekin biltzeko asmoa zutela EPPK-k eskatuta, bake eta normalizazio prozesua sendotzeko asmoz, kolektiboaren ekarpenak jasotzeko. Handik astebetera, EPPK-k Gernikako Akordioaren ordezkaritza batekin biltzeko nahia agertu zuen, BERRIAra igorritako agiri batean. Bilera, baina, ezin izan dute egin, Espainiako eta Frantziako espetxeetako instituzioek «galarazi» egin dutelako harremana. «Beharrezko deritzogu Gernikako Akordioa eta EPPKren ordezkaritzaren arteko harremana galarazten duten neurriak desagertzeari, eta Espainiako Gobernuari dei egiten diogu Euskal Herrian gehiengo handi batek duen bake eta konponbide nahiari galarazpen trabak jartzeari utz diezaion», adierazi du Egin Dezagun Bidea ekimenak.

Donostiako Kafe Antzokian eginiko prentsaurrekoan egin du salaketa hori. Bidenabar,dei egin du euskal presoen eskubideen alde irailaren 17an Donostian egingo den manifestazio nazionalean parte hartzeko.

Ekimeneko kideez gain, manifestazioari babesa eman dioten arte eszenikoetako hainbat kide izan dira agerraldian, eta manifestaziora deitzeko egin duten bideoa aurkeztu dute.

Manifestazioa Zinemaldia egingo den egunetanegingo da. Zinemaldiak «nazioartean duen oihartzuna» baliatu nahi dute presoen egoeraren berri emateko.

Agiri bat irakurri dute Ione Artolak eta Gotzon Sanchezek. «Euskal Herrian aro politiko berri bat zabaltzen ari den honetan, euskal preso politikoen egoerak bere hartan jarraitzen duela salatu behar dugu. Zaharrak berri Espainiako eta Frantziako kartzeletan», adierazi dute.

Nabarmendu dutenez, euskal presoen eskubideei buruzko eztabaida «garai garrantzitsu batean» dago. Gogora ekarri dute Espainiako Auzitegi Goreneko 197/06 doktrina eta Parot doktrina deiturikoaren aurka jarritako helegiteak aztertzen ari direla Auzitegi Konstituzionaleko magistratuak. «Alderdi, sindikatu eta instituzioak, zitalkeria hori ikusirik, irmo aldarrikatu behar dituzte eskubideak, eta zinez herritarrok lor dezakegu, gure indarrak bilduz eta mobilizazio erraldoi bat antolatuz, bizi guztiko zigorra ezartzeko doktrina hori betiko desagertzea».

71 presori aplikatu diete doktrina hori. «Bizi guztiko zigor faktiko horren larritasuna azpimarratu nahi dugu. Oinarrizko askatasun eskubidearen aurkako irizpidea da, eta giza eskubideen ikuspegitik onartezina», salatu dute. Zigorraren hiru laurdenak beteta eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak «berehala» askatzekoere exijitu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.