«Jokaleku demokratikoa bultzatzeko» eta «gatazkari elkarrizketan eta negoziazioan oinarritutako irtenbidea eskaintzeko» Gernikako Akordioan batu ziren eragileek lanean jarraitzen dute. Hainbat norabidetan ari dira elkarrekin urratsak egiten, eta presoen gaiari buru-belarri eutsi diote azken hilabeteotan. Argi dute zergatia: «Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) parte hartzea eta inplikazio zuzena beharrezkoa da gatazkaren konponbide prozesuan, gatazka horrek eraman baititu preso egotera». Kolektiboarekin harremanak izan nahi dituzte, hargatik. Harekin hartu-eman egonkor, zuzen eta arina izan. Saiatu, saiatu dira. Oraingoz, ordea, ez dute lortu. Espetxeetako instituzioek harremana eragotzi dietela salatu dute.
Akordioaren sinatzaileen izenean presoen kolektiboko mintzakideekin egoteko ardura duten ordezkariek azaldu dute zertan den egoera: Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak, eta Maider Karrere Gazte Abertzaleen idazkariak. Espainiako eta Frantziako instituzioen jarrera salatu dute, eta lanean jarraitzeko konpromisoa hartu. Presoen kolektiboko ordezkariekin zuzenean egoterik izan ez dutenez, beste bide bati eutsi diete oraingoz: gutuna igorri diete, eta beren asmoen berri eman.
Akordioaren ordezkariek azaldu dutenez, EPPK-k jo zuen, lehen aldiz, Gernikako Akordioaren sinatzaileengana, urtarrilean. «Euskal Herrian ireki den prozesu politikoan parte hartzeari begira» harremanetan hasteko nahia helarazi zieten. Egokia iruditu zitzaion hori Akordioari, eta lanean jarri zen. Otsailean eta martxoan Frantziako erakundeetara eta Mercedes Gallizo Espainiako Espetxeetarako idazkariarengana jo zuen. EPPKren mintzakideekin «komunikazio berezia» izaten uzteko eskatu zioten; haiekin zuzenean egoteko aukera emateko. Sinatzaileek, ordea, ez dute oraindik erantzunik jaso, eta ez dute presoekin egoteko aukerarik izan. Espetxeen arduradunek presoekin komunikatzea ezinezko egin dietela salatu dute Akordioaren sinatzaileek.
Baina ez dute etsitzeko asmorik: «Argi eta garbi esan nahi dugu oztopo guztien gainetik gure erabakian berresten garela eta eutsi egingo diogula EPPKrekiko harremanari».
Hortaz, Gallizok «biltzeari eta komunikazioak errazteari emandako ezezkoa ikusirik», EPPK-ko bozeramaileei akordioaren planteamenduak idatziz bidali dizkietela azaldu du Etxaidek. Horien erantzunik ez dute oraindik jaso akordioaren sinatzaileek. Matutek adierazi duenez, «horretan ere zerikusi handia du Espetxeetako Instituzioaren jarrera oztopatzaileak».
Eta ez hori bakarrik. «Badakigu Gernikako Akordioan jasotzen diren hainbat gai asmo txarrez erabiltzen ari direla. Azken hilabeteetan, presoengana modu pertsonalizatuan joaten ari dira horretarako bereziki jarritako espetxezainak, Gernikako Akordioa EPPK zatitzeko eta ahultzeko tresna gisa erabiltzeko asmoz», salatu dute. «PP eta PSOE Gernikako Akordioa EPPK zatitzeko erabiltzea», gaitzetsi du Matutek. «Ezin da Akordioa erabili horrekiko babes mailaren arabera batzuei onurak emateko eta besteei ez».
Gauzak horrela, Akordioa presoen kolektiboa «ahultzeko» eta «xantaia politikoa egiteko tresna gisa» erabiltzeari uzteko «exijitu» du akordioak berak.
Presoen eskubideak errespetatzeko eskatu dute, era berean. Egungo espetxe politika aldatzeko: «Bertan behera geratu behar du, euskal preso politikoen eskubideen aurka diseinatuta dagoelako, konfrontazio politika batetik planteatua dagoelako».
Neurri jakin batzuk «berehala» eta inolako baldintzarik gabe ezartzeko eskatu dute, gainera, «amnistiaren bidean» aurrera egin artean. Hain zuzen, konponbideak «preso eta iheslari politikorik gabeko egoerara» eraman beharko duela ohartarazi dute.
Bitartean, presoak Euskal Herrian biltzeko, gaixotasun larriak dituztenak askatzeko, «bizi guztiko kartzela zigorra» bertan behera uzteko, lege baldintzak betetzen dituzten guztiei baldintzapeko askatasuna onartzeko, eta legeak jasotzen dituen onura guztiak «mugarik eta arbitrariotasunik gabe» ezartzeko exijitu dute.
EPPKrekin biltzeko eragozpenak salatu ditu Gernikako Akordioak
Espetxezainak akordioa presoen kolektiboa «zatitzeko eta ahultzeko tresna gisa» erabiltzen saiatzen ari direla ohartarazi duteKonponbide prozesuan EPPKren parte hartze zuzena beharrezkoa dela azaldu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu