Sorturen legalizazio prozesua. Erreakzioak

«Erabaki politikoak» demokrazia urratzen duela ohartarazi dute

EAJk, Aralarrek, Alternatibak, ABk, EBk, Lokarrik, ELAk, LABek eta Eilasek gogor salatu dute Auzitegi Gorenaren erabakiaNormalizazio politikorako bidean aurrera egiteko aukera bat galdu dela uste dute

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2011ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Euskal alderdi, sindikatu eta gizarte eragile askok egin dute bat Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia gaitzesteko erabilitako argudioetan: Sortu legeztatzeko bidea itxi izana erabaki juridikoa izan ordez politikoa dela ohartarazi dute, sistema demokratikoa urratzen duela eta normalizazio politikorako eta bakerako bidean atzerapausoa dela.

«Berri txarra da sistema demokratikoarentzat», esan du Joseba Egibar EAJren GBBko presidenteak. Justizia ezin dela «intentzioetan» eta «sinesgarritasunean» oinarrituta aritu ohartarazi dio Auzitegi Gorenari, eta «milaka herritarri sufragio aktibo eta pasiborako eskubidea murriztu» izana aurpegiratu dio.

EAJren ustez, gatazka politikoa konpontzeko bidean urratsa egiten saiatzeko aukera galdu da erabakiarekin. Hartutako bidean aurrera egiteko eskatu dio Sorturi, eta, «azkenean» legeztatzea lortzeko «animoak» eman dizkio.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere «balorazio oso negatiboa» egin du epaiaren gainean: «Beste behin gure gizartearen kalitate demokratikoa hondatu baitu, eta oztopo erantsiak jarri baitizkio bakea eta elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko prozesuari».

Konstituzionalak alderdia legeztatuko duen esperantza azaldu du Olanok, gizarteak ez lukeela bestelako erabakirik «ez ulertuko ez onartuko» zehaztuta. Hortaz, Sortuk jaso duen ezezkoari «halabeharrez» erantzun behar zaiola eta «demokrazia eta giza eskubideak sendotzeko konpromisoa indartu» behar dela esan du.

Erantzun bateraturako deia

«Hauteskundeek Euskal Herrian pairatuko duten defizit demokratikoaren inguruan, erantzun bateratua emateko deia» egin du Alternatibak. Izan ere, Oskar Matute bozeramailearen ustez, «errugabetasun printzipioa urratu eta errudunarena ezarri du» Gorenaren erabakiak, «Zuzenbide Estatua behin betiko hautsiz». Erabakia «bidegabekeria hutsa» dela seguru dago Matute. Baina, hala ere, «ziur» dago ezker abertzaleak «bide demokratiko eta baketsuei eutsiko diela».

«Kontrakotasunik irmoena» azaldu du Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak. «Beste behin agerian utzi digute botere judiziala ez dela independentea eta arrazoi politikoetan oinarrituta hartzen dituela erabakiak». Alderdien Legearen aurka egin, eta giza eskubide guztiak errespetatzeko eskatu du, «eskubide zibil eta politikoak barne».

Abertzaleen Batasunak «fermuki» salatu du «urrats atzerakoia». Normalkuntza politikorako bidean «aukera politiko guztiek parekotasun osoan aurkeztu eta lehiatu» ahal izatea «ezinbestekoa» dela ohartarazi du.

Mikel Arana EBko koordinatzaileak «men egin» dio epaiari, erabakia politikotzat duen arren eta harekin bat egin ez arren. Konstituzionalak zuzendu egingo duen itxaropena du, eta bozetara aurkezteko epe barruan egin dezala eskatu dio: apirilaren 18rako.

«Erabateko desilusioa» eragin dio epaiak Lokarriri. Sortuk legea bete duela «objektiboa eta agerikoa» dela uste du, baina, horren inguruan, Espainiako Gobernuak «legeak jasotzen ez dituen baldintza berriak asmatu» dituela, «legez kanporatutako ezker abertzalea legeztatzea saihesteko helburuz». Gobernu batek hori egitea «ez da bateragarria Zuzenbide Estatuarekin».

Epaiak «kalte bikoitza» egin duela uste du Lokarrik: batetik, «milaka pertsona ordezkatzen dituen ezker abertzale ilegalizatua politika normalizatutik kanpo mantentzera zigortu dute». Bestetik, euskal gizarteari «elkarbizitza inklusiborako» bidean aurrera egitea galarazi dio. Hala ere, «oztopo garrantzitsu» horri esperantzarekin aurre egiteko deia egin du.

«Auzitegi Gorenak jantzi juridikoa jarri dio PSOEren erabaki bati», esan du Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak. «Egoerak eskatzen duen mailan ez egotea» egotzi dio: «Ez du ez gaitasunik ez borondate politikorik gatazkari konponbide demokratikoa emateko apustua egiteko».

ELAren ustez, «estatuak berak sigla bat legeztatzeko beharrezko eta nahikotzat jotzen zituen baldintzak aski ez» direla esan du epaiak. Horixe da larriena sindikatuaren ustez, eta hori Espainiako Gobernuaren aginduz egitea. «Gehiago atzeratzen ibili gabe Sortu legezta dezala» eskatu dio Espainiako Estatuari.

«Normalizazio politikoaren bidean, ezinbestekoa da aukera guztiek berdintasunean parte hartzea hauteskundeetan», esan du Eilasek. «Oso berri txarra» da «interes politikoak juridikoen aurretik jarrita» hori ukatu izana, eta Sortu legeztatzeko «exijitu» du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.