Sutsu hartu dute Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaia Durangon. Txalo zaparrada eta animozko txistu ozenak egin dizkiote Merkatu plazan prestatutako eskenatokira igo denean. Hunkitu ere egin da Mintegi: «Uff, halako hasiera... hitzik gabe geratu naiz». Poza nabari zaio lehendakarigaiari. Ez du irribarrea galtzen. Musu eta keinuak banatu eta banatu aritzen da, ekitaldietan ikusten dituen lagun eta ezagun guztiak nahi bezala agurtu ezinik. Gustura egoteko arrazoirik ikusten du lehendakarigaiak: «Haizea alde dugu». Independentziari buruz ari dela esan du hori, Eskozia, Flandes eta Katalunia aipatuta. «Dagoeneko ez da tabu Europan independentziari buruz hitz egitea».
Eta hala egin nahi du EH Bilduren hautagaiak. Koalizioak «interesa piztu» duela nabarmendu du. Horren adibide, Mintegiren beraren editoreak alaitu dituen berria: Espainian idazlearen literatura liburu asko saltzen ari da.
Interes gunea
Durangoko iluntzeko ekitaldian ere bada «interes» horren erakusgarririk. France Press-eko kazetari bat bertoko kazetarien artean eseri da, egoerari eta EH Bilduk izan ditzakeen emaitzei buruz galdezka. Aldaketa garai baten hasiera sumatzen duela dio Frantziako kazetariak; politika egiteko moduan, izaera berezi bat normaltasunez onartzeko bidean, zein gizarte ereduari dagokionean etor daitezkeen aldaketen abiapuntu gisa ikusten ditu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. «Gainera bakegintzarako urratsen urteurreneko ingurumarian datoz... Interesgarria da momentua», dio. Elkarrizketa egin dio Mintegiri goizean, eta ekitaldietan nola moldatzen den eta herritarrek nola hartzen duten ikustera joan da Durangora.
«Aldeko haize» hori baliatu, eta zer nahi duen argi dio Mintegik: «Herri bat, Estatu libre bat sortu nahi dugu Europan; hori da gure apustua». Independentzia zertarako nahi duen ere argi dio: «Inposizio politikorik eta menpekotasun ekonomikorik» ez izateko.
Gainontzekoei bere apustua argitzeko eskatu, eta gaia Eusko Legebiltzarrera eramango duela iragarri du. Erabakitzeko eskubideari buruzko proposamenaaurkeztuko duela, eta «eskubidea gauzatu ahal izateko» gainontzeko indar politiko guztiekin akordioak egiten saiatuko dela; «abertzaleekin eta ez abertzaleekin».
«Beste batzuek gure ordez egin dezaten itxaroten» ezin dela egon esan, eta ez dela zain egongo azaldu du. Herritarrei gauza bera egiteko eskatu die: inoren esperoan egon gabe jarduteko. Laguntza ere eskatu die, bere esanetan herritarren parte hartzea izango baita aurrera egiteko giltza.
Dani Maeztuk«beharrezko eraldaketa politiko eta soziala gauzatzeko tresna guztiak eskuetan izateko» eskatu du estatua.Durangokoa izanik, bere eskualdean eragin zuzena izan AHT hartu du hizpide, PPren, EAJren eta PSE-EEren kudeaketa eredua salatzeko: «AHTn inbertituko dutela diote, baina osasuna eta hezkuntza bermatuta. Ez dezatela gezurrik esan. Inora ez doan trenbide baten inbertituko dute, politika sozialen kaltetan. Hori al da kudeaketa eredu eraginkorra?»
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EH Bildu
Erabakimenari buruzko akordio bat egin nahi du Mintegik legebiltzarrean
«Inposizio politikorik eta menpekotasun ekonomikorik ez izateko» nahi du independentzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu