EUSKAL HERRIA

Erabakitzeko eskubidea, agendaren lehen lerroan

Gizarte zibilari dei egin dio Gure Esku Dago-k eskubide horren alde mobilizatzera, eta autogobernuaren inguruan Eusko Legebiltzarrak ere mahai gainean izango du eztabaida hori. Nazioartean urte erabakigarria izan daiteke 2014a burujabetzari begira.

Giza katearen aurkezpena. J. H., ARP
jon olano
2013ko abenduaren 30a
14:48
Entzun

Burujabetza. Erabakia. Sezesioa. Estatusa. 2014an behin eta berriz errepikatuko diren kontzeptuak izango dira horiek, besteak beste. Izan ere, hastekoa den urtean zehar eztabaida politikoaren erdigunean izango da erabakitzeko eskubidea. Agendako lehen lerroan izango da gaia Euskal Herrian, baina baita nazioartean ere; Eskoziako eta Kataluniako prozesu subiranistek urte erabakigarria izango dute, independentzia erreferendumetarako datak zehaztuta.

Euskal Herrian, aurtengo ekainean sortutako Gure Esku Dago dinamikak du erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria bultzatzeko asmoa. 123 kilometroko giza katea antolatu dute horretarako ekainaren 8rako, eta Durango eta Iruñea eskuz esku lotzea dute helburu.

Gaia “mahai gainean jarri” nahi du Gure Esku Dago dinamikak, Zelai Nikolas sustatzailearen arabera: “Herri bat garela, erabakitzeko eskubidea dugula eta herritarrok erabakiko dugula; eta hiru ideia nagusi horien inguruan euskal herritarrok elkarlanean jarduten dakigula erakutsi nahi dugu. Baina, prozesuaren diseinua eta kudeaketa alderdi politikoei dagokie”.

Estatus berriaz Eusko Legebiltzarrean

Alderdiei dagokienez, EAJ eta EH Bildu ados daude Euskal Herria "nazio eta subjektu politiko gisa" aitortzearen beharrean, eta baita hari "dagokion erabakitzeko eskubidea" gauzatzean ere. Hala azaldu zuen Hasier Arraiz koalizioko legebiltzarkideak abenduaren 5ean, EAEko estatus politikoa berritzearen inguruko lantaldeaz bi taldeek egin zuten bilkuraren ostean.

Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko estatus politikoaz eztabaidatzeko lantaldea martxan jarriko dute 2014 hasieran, EAJk lantaldea sortzeko eskaera erregistratu eta gero. “2014a aztertzeko eta ikuspuntu desberdinak trukatzeko urtea izango da, eta gero, foru eta udal hauteskundeen ondoren eta EAEko eta Nafarroako hauteskundeen tartean, fase erresolutiboa etorriko litzateke. Ordurako formulazio politiko-juridiko argiak mahai gainean egon behar du, eta herriak bere hitza eman”, azaldu zion BERRIAri Andoni Ortuzar EAJko presidenteak. Adierazi zuenez, 2015 amaieran edo 2016 hasieran egin nahi dute estatus politikoari buruzko galdeketa.

2003ko estatutu proiektuaren hitzaurrea eta Loiolako elkarrizketetan EAJk, PSE-EEk eta Batasunak erdietsitako akordioa jarri du EH Bilduk mahai gainean eztabaidarako oinarri gisa. Euskal Herriaren eta Espainiaren arteko “elkartasun askean” oinarritu zuen Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bestelako estatus politiko bat izateko proposamena.

Loiolan, berriz, hiru alderdiek hitzartu zuten euskal herritarrek hartutako erabakiak Espainiako Estatuak errespetatzea, eta proiektu guztiak defenditu eta gauzatu ahal izatea.

Galdeketa udal esparrutik

Izango da ekimen gehiago zentzu horretan. Etxarri 2012 herri ekinbideak galdeketa antolatu du apirilaren 13rako, Etxarri Aranazko biztanleei Euskal Herriaren independentziaren inguruan itauntzeko. Urtarrilaren 4an zehaztuko dute galdera.

Adur Goikoetxea Etxarri 2012 ekinbideko kideak larunbatean azaldu zuen erabakitzeko eskubidea praktikara eramateko egin dutela deialdia: “Herri galdeketarekin, benetako demokrazia batek bere egiten dituen balioetan sakondu nahi dugu, hala nola herritarren elkarbizitza, parte hartzea eta herritarren iritzia aintzat hartzea”. Hain justu, erabakitzeko eskubidea demokraziarekin lotu zuen Angel Oiarbide Gure Esku Dago dinamikako sustatzaileak ere, ekimenaren aurkezpenean: “Gure helburua ez da abertzaleak batzea. Gure aldarrikapena ez da abertzalea. Gure helburua demokratak batzea da, helburu prepolitikoa lortzeko”.

Kataluniako Arenys de Munt herriaren bidea jarrai dezake horrela Etxarri Aranatzek. Hainbat herritan antolatu zituzten independentziari buruzko galdeketak, eta Arenys de Muntekoa izan zen lehena, 2009ko irailaren 13an. %41ekoa izan zen parte hartzea, eta botoa eman zutenen %96,2k egin zuten independentziaren alde. Indarra hartu zuen formulak, eta Bartzelonan ere egin zuten galdeketa, 2011ko apirilaren 10ean.

Katalunia: azaroaren 9a

Handituz joan zen elur bola; 2012an ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak deituta Diada egunean eginiko manifestazio erraldoiak azaleratu zuen independentismoaren babes sozialaren neurria, eta Kataluniako Gobernua esku hutsik itzuli zen Madrildik itun fiskala eskatuta. Hori hala, azaroaren 25ean hauteskundeak egin eta CiU nagusitu zen berriro. Autodeterminazioaren aldeko indarrak parlamentuaren %64 dira. Aurtengo urtarrilean subiranotasun adierazpena onartu zuen parlamentuak, eta erreferendumerako data eta galdera zehaztu zuten duela bi aste CiUk, ERCk, ICVk eta CUPek: “Nahi duzu Katalunia Estatu bihurtzea?”. Erantzuna baiezkoa bada, zehaztu beharko dute ea estatu hori independentea izatea nahi duten ala ez. Azaroaren 9an egin nahi dute galdeketa.

Urrats horiek aldebakarrekotasunez egin dituzte Katalunian, Espainiako Gobernuak ezezkoa eman baitio Kataluniako Gobernuarekin subiranotasunari lotutako ezer negoziatzeari: “Bermatzen dizuet galdeketa hori ez dela egingo. Edozein eztabaida eta negoziaziotik kanpo dago gai hori”, esan du Mariano Rajoy Espainiako presidenteak. Kataluniaren independentziari buruz galdetzea Espainiako Konstituzioaren aurka doala argudiatu du, haren oinarrietako bat urratzen duelako: “Espainiako nazioaren batasun zatiezina”. Edonola ere, Madrilek oraindik ez du zehaztu nola galaraziko duen erreferenduma egitea.

Kataluniako Gobernuaren enkarguz CEO Iritzi Ikerketen Zentroak iragan azaroaren 24an egindako inkestaren arabera, herritarren %54,7 dira independentziaren aldekoak. Egungo estatusa mantentzearen alde, %22,1 soilik agertu ziren.

Eskozia: irailaren 18a

Kataluniako erreferendumarena baino lauagoa izaten ari da Eskozian erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidea. Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak 2012ko urtarrilaren 25ean iragarri zuen 2014an egingo dutela independentziari buruzko erreferenduma, eta ezarri dute jada galdeketarako data: irailaren 18a. Londresekin hitzartuta egiten ari dira galdeketarako urratsak. “Herrialde independentea izan behar al luke Eskoziak?” izango da galdera. Eskoziako Parlamentuak deituko du erreferendumera, eta 16 urtetik gorakoek emango dute botoa.

Atzetik dira Eskoziaren independentzia hobesten dutenak.  Azken inkesten arabera, independentziaren kontra bozkatuko lukete herritarren %56k, alde %27k eta zalantzan daude %17. Independentziaren faktura ordaintzekoa ala kobratzekoa izango ote den jakin nahi dute eskoziarrek; haren onurak nabarmentzen ari da Yes Scotland plataforma, eta kalteak, aldiz, Better Together plataforma.

Erreferendumaren egunean inkestek azaleratzen dituzten emaitzak iraultzeko, Liburu Zuria aurkeztu zuen Salmondek azaroan. 650 galdera-erantzun dakartza txostenak, botoa emango dutenen zalantzak argitzeko. Gainera, txosten horren arabera, 2016ko martxoaren 26an lortuko luke independentzia Eskoziak, erreferendumean baiezkoak irabaziko balu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.