Euskal independentismoak indar erakustaldia egin du Donostian. Atano III.a pilotalekua leporaino bete dute EH Bilduren mitinera joandako herritarrek. Independentziaren aldeko oihuak nagusi izan dira ekitaldi osoan. Eta eskaera horri erantzun dio Laura Mintegi lehendakarigaiak: hitzeman du indar ezberdinen arteko akordio bat bultzatuko duela datorren legegintzaldian erabakitzeko eskubidea «praktikan jartzeko». «Legegintzaldi honetan frogatuko dugu posible dela lortzea Euskal Herri libre bat Europan eta munduan». Donostiakoa izan da hauteskunde kanpainako lehen mitin handia. Datorren larunbatean, Barakaldoko BECen bilduko dira berriz «Euskal Herri osoko» independentistak, Mintegik nabarmendu duenez.
Donostiako mitinak agerian utzi du EH Bilduren antolakuntza eta hauteskunde hauei begira eginiko apustua. «Orain da garaia», ekitaldia hasi aurretik gehien entzuten zen leloa.
Ordu eta erdiko ekitaldia, hainbat elementurekin egituratua —bideoak, bertsoak, dantza...—, tradizioa eta modernitatea uztartuz, eta, tarteka, programarekin loturiko mezuak eta sentimenduetara jotzen zutenak. Hunkigarriena, han izandakoen txalo zaparradagatik, euskal presoen omenez kinke baten inguruan eginiko dantza.
Parte hartze berezi bat ere izan da ekitaldian: Alderdi Quebectarreko Daniel Turpena. Harenak izan dira aurreneko hitzak. Euskaraz mintzatu da hasieran, luze, eta frantsesera jo du gero. Euskal Herrira, elkartasuna adierazteaz gainera, mezu argi batekin etorri dela adierazi du. «Estatu independente bat izateko eskubide osoa duzue, izatez eta legez». Estaturik gabeko nazioek beren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea defendatu du Turpek, hori baita, haren hitzetan, herri baten etorkizuna bermatzeko «modu bakarra». «Independentziak bermatuko du Euskal Herriaren garapen ekonomiko, sozial eta kulturala», esan du.
Quebeceko ordezkariak independentziaren alde indarrak biltzera deitu ditu han bildutakoak, haren ustez, herritarren borondateak «behartuko» baititu Espainiako eta Frantziako estatuak urratsak egitera. «Nazioarteak ez du oztoporik jarriko», nabarmendu du.
Lehen urratsa, beraz, herritarren aktibazioa eta kohesioa litzateke. Eta horretara bideratu nahi du EH Bilduk bere «kapital politiko» guztia, Eusko Legebiltzarrean eta gainerako euskal instituzio guztietan. Independentista guztiak bildu, eta, erabakitzeko eskubidea lortuta, indar hori guztia independentziarako bidean jartzea litzateke koalizioaren helburua.
Elkarrizketaren kultura
EH Bilduren barne kohesioa nabarmendu du Mintegik. Bera izan da hitza hartzen azkena. Ohi duen eran, tonu atseginean eta modu argian mintzatu zaie entzuleei. «Batzuek esaten didate malaletxea atera behar dudala; beste batzuek, ondo ari naizela. Horrelakoak gara gu, modu batekoak zein bestekoak». Publikoaren barrea eragin dute hitz horiek.
Irudi hori erabili du, baina, Mintegik EH Bildu osatzen duten alderdiek proiektu baten inguruan biltzeko erakutsi duten gaitasuna nabarmentzeko. Adierazi du orain «elkarrizketaren aldeko kultura hori» gizarteratu beharra dagoela. Bi helbururekin: bakegintzan eta normalizazio prozesuan aurrera jarraitzea eta justizia sozialean oinarritutako gizarte justuago bat lortzea.
Bakegintzari dagokionez, Aieteko Adierazpenaren balioa nabarmendu du. «Aieteko bide orria». «Tamalez, oraindik, alde batek bakarrik egin ditu urratsak», deitoratu du, baina, Mintegik. Espainiako Estatuaren jarrera kritikatu du. «Gotortuta» dagoela adierazi du, eta larri gaixo dagoen Josu Uribetxebarria presoari gertatutakoa gogorarazi du. «Lehentasuna», hortaz, euskal presoen auzia konpontzea dela nabarmendu du. Mintegiren hitzek ekitaldiko txalo zaparrada handiena eragin dute, eta euskal presoak Euskal Herriratzearen aldeko lehen oihuak entzun dira.
Gizarte ereduari dagokionez, Bilduk Gipuzkoan abian jarri duen «eredu politiko berria» azpimarratu du Mintegik, labur. Izan ere, Gipuzkoaz, bereziki, Xabier Isasi herrialde horretako zerrendaburua mintzatu baita. Mintegiren aurretik aritu da Isasi. Halako ekitaldietan hitz egiteko ohitura handirik ez duela erakutsi duen arren, lasai aritu da. Patxadaz igo eta jaitsi da mintzalekutik. Gustura hartu du publikoak.
Gipuzkoan politika egiteko beste eredu bat abian dela esan du, «pertsonak eta justizia soziala ardatz dituena». EH Bilduren programan jasotako neurri ekonomiko eta sozialez aritu da. Horrekin batera, tarte zabala eskaini dio euskarari.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EH Bildu
Erabakitzeko eskubidea «praktikara» eramango dutela adierazi du Mintegik
Ezberdinen arteko akordio zabal bat bultzatuko duela esan du EH Bilduko lehendakarigaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu