Erabilera sustatuko du Euskararen Donostiako Plan Orokor berriak

Hizkuntza jakitea bakarrik ez, erabiltzeko urratsa egitea ere bultzatu nahi du Donostiako Udalak

Erredakzioa
Donostia
2011ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Azkeneko urteotan euskararen ezagutzaren eremuan «ahalegin handia» egin ondoren, Donostiako Udalak hizkuntzaren erabilera komunikatiboan sakonduko du datozen bost urteotan, eta, horretarako, Euskararen Donostiako Plan Orokorra 2011-2015 izango du abiapuntua. Bost urteotarako esparru planak 2001-2010 aldian indarrean egon dena ordezkatuko du, eta urtez urteko ekintza planak aurkeztuko ditu.

Euskararen plan orokorrak, besteak beste, Donostian «benetako elebitasuna lortzeko bidean aurrera egitea» du helburuetako bat; «hau da, euskararen berreskurapen eta zabalkunde osorako bidean hiriak aurrera egitea». Ainhoa Beola udaleko Hizkuntza Normalizazioko zinegotziak adierazi duenez, helburu horretara iritsi ahal izateko, «donostiarren euskalduntzea bultzatzen jarraitu behar da, bai belaunaldi berrien euskalduntze praktikoa bilatuz eta bai helduen artean euskara dakitenen kopurua areagotuz».

Azken urteotan euskara badakitela adierazten duten Donostiako bizilagunen ehunekoa handituz joan da etengabe. Eta Euskal Herriko hirietatik Donostia da euskaldunen proportziorik handiena duena, 2006ko datuei erreparatuta. Gipuzkoako hiriburuko herritarren %40,4 euskaldunak dira, %26,6 ia euskaldunak eta %33 erdaldun elebakarrak. 1986an, euskaldunak %26,1 ziren, eta 2006an, hogei urte geroago, %40,4.

Soziolinguistika Klusterrak 2006an egindako kale neurketak erakutsi zuen euskararen kale erabilera %18,2koa zela Donostian. Gasteizen eta Bilbon, %4aren ingurukoa da, eta Iruñean, berriz, %2,8koa. Horrek erakusten du, udalaren iritziz, «ezagutzaren eta erabileraren artean alde handia» dagoela. Eta alderdi horretan eragin nahi du udalak: «Ahalegin handia egin da orain arte euskalduntze programetan eta herritarrak euskara ikastera bultzatzeko ekimenetan», esan du Beolak, baina etorkizunera begira beste helburu batzuk jartzen ditu plan orokorrak: «Egungo egoeran, batez ere, euskararen erabilera komunikatiboa sustatu nahi da, euskara jakitetik euskara komunikatzeko erabiltzera urratsak egiteko neurriak aplikatuz, hiri bizitzaren esparru guztietan».

Ildo horretan sakontzeko, ezagutzarekin eta erabilerarekin batera, motibazioa lantzea ere garrantzitsua izango dela agertu du Beolak: «Garrantzi handikoa da herritarrek bereganatzea euskara zernahitarako eta noranahiko komunikazio tresna dela».

Euskararen Donostiako Plan Orokorrak hainbat esparrutan eragingo du datozen bost urteotan: irakaskuntza, euskalduntze-alfabetatzea, familia, administrazioa, lan mundua, aisia, kirola, kulturgintza, komunikabideak, hizkuntza baliabideak eta corpusa, eta euskararen motibazioa eta sustapena.

2001etik hona 944 ekintza bideratu ditu Euskararen Patronatuak Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.