Eragile batek baino gehiagok babestu du Beskoitzeko ikastolaren aldeko manifestazioa

Herriko etxearekin duten blokeo egoera salatzeko mobilizazioa eginen du Seaskak bihar, 11:00etan

BESKOITZEKO IKASTOLA - MOBILIZAZIOA
Bskoitzeko ikastolaren aldeko protesta bat, urrian. NAHIA GARAT
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko azaroaren 17a
15:15
Entzun

Beskoitzeko (Lapurdi) ikastolaren alde bihar Seaskak eginen duen manifestazioarekin bat egin du eragile batek baino gehiagok. 11:00etan eginen dute mobilizazioa, ikastolaren eraikin berria egiteko herriko etxeak ezartzen dizkien oztopoak salatzeko. Hamar urte daramatzate prefabrikatuetan, eta eraikin sendo batera pasatu nahiko lukete. Baina herriko etxeak baldintza «arbitrarioak» inposatu nahi dizkiela salatu dute. Horrez gain, elkarrizketa oro ukatu die Fabienne Aiensa auzapezaren taldeak Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteko ordezkariei. Euskalgintzaren Kontseiluak protestan parte hartzera deitu du, eta baita Euskal Konfederazioak ere, «Beskoitzeko ikastolaren alde, euskararen etorkizunaren alde».

Ipar Euskal Herriko EAJk ere manifestazioan parte hartzera deitu du. «Egiazko eraikin bat egin behar da lehenbailehen», adierazi dute agiri batean. «Ikastola motako murgiltze irakaskuntza da euskara berpizteko bide nagusia, bereziki, Beskoitze bezalako herri batean. Euskara gero eta gutxiago hitz egiten da, nagusiki frantses hiztunak etortzen direlarik». Beskoitzeko ikastolako haurrek, herrian diren gainerako ikastetxeen baldintza beretan egon behar dutela baieztatu dute. Egoera desblokeatzera deitu dute, «elkarrizketa eraikitzaile baten bidez».

EH Baik ere protestara deitu du «Seaska eta murgiltze eredua defendatzeko». Ezkerreko mugimendu abertzalearen hitzetan, «euskararen biziraupena eta hiztun kopuruaren emendatzea bermatzeko, lege babesa behar du euskarak. Behingoz bukatu behar dira euskararen aurkako erasoak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.