Foro Sozialak bihar Donostian Aieteko jauregian egingo duen bilkuraren edukiaren berri eta hurrengo hilabeteetako egutegia azaldu dizkio HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeari Bilbon, Abando hotelean. HTNtik Brian Currin, Alberto Spektorowski eta Raymond Kendall izan dira. Foro Sozialetik, Ahotsak-eko Nekane Alzelai, Bake Bidea-ko Peio Dufaut, Egiari Zor fundazioko Ainara Esteran eta foroaren koordinatzaile Agus Hernan. Eragile instituzional, politiko eta sozialekin ateratako ondorioen inplementazioa izeneko txostena aurkeztu dio Foro Sozialak. Azken zortzi hilabeteetan egindako lana jasotzen du, eta bihar Aieten horren berri emango du.
Urtarrilaren 30ean III. Foro Soziala egin zuten, Gernika-Lumon, eta ETAren armagabetze prozesu bat "diseinatu, garatu eta bururaino" eraman beharraz aritu ziren. Harrezkero 46 bilera egin ditu instituzio, alderdi politiko, sindikatu eta gizarte zibileko erakundeekin eta pertsonekin. "Lan garrantzitsu honen berri emango dugu bihar Aieten", esan du foroak, ohar batean. Bakearen Etxeko Ghandi aretoan ekitaldi publiko bat egingo dute, 12:00etatik aurrera.
Izaera iraunkorra hartuko du Foro Sozialak bihartik aurrera. "Euskal Herrian bake prozesua bultzatzeak batzen gaitu sare honetako partaideok. Helburu horrekin modu kolektiboan lan egitea erabaki dugu". ETAren armagabetzeaz gain, euskal presoen eta iheslarien gizarteratzea, giza eskubideak sustatzea, eta egia eta memoria ere badituzte lan ardatz. 2013an egin zuen I. Foro Soziala, eta hamabi gomendio osatu zituen.
Aieteko ekitaldian izango direla iragarri dute EAJk (Andoni Ortuzar), EH Bilduk (Arnaldo Otegi), Elkarrekin Podemosek (Pili Zabala), ELAk (Adolfo Muñoz), LABek (Ainhoa Etxaide), CCOOk (Unai Sordo), Steilas, ESK eta EHNE sindikatuetako kideek eta 22 gizarte eragilek.
HNTko kideak ere han izango dira –Bilboko bileran izandakoak–, eta Veronique Dudouet ere bai, Berghof Fundazioko kidea.
Rafa Sainz de Rozas EAEko arartekoaren justizia eta espetxean dauden pertsonen area daraman arduradunak ere jakinarazi du Aieteko bilkuran egongo dela.