Eragile ugarik babestu dute Baionako martxa

Herrira-k azaldu du nazioarteko babesa duela preso eta iheslarien eskubideak errespetatzeko bidean

Erredakzioa
Bilbo
2012ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Azaroaren 10ean izango da Baionan euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko manifestazioa. Giza eskubide guztiak. Euskal presoak Euskal Herrira lelopean Herrira mugimenduak egindako deiari euren babesa erakutsi diote alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragile ugarik. Honako hauek izango dira aldarrikapen nagusiak: presoen Euskal Herriratzea, gaixo larri diren eta zigorren bi herenak edo hiru laurdenak beteak dituzten presoen kaleratzea, bizi guztiko zigorra bertan behera uztea, bakartze egoeren amaiera eta iheslarien aurkako jazarpena amaitzea.

Bilbon egindako agerraldian, Kepa Martinez de Lagosek eta Igone Lamarainek adierazi dute «konponbide justua» eraikitzeko aukera berriak zabaldu direla Euskal Herrian, eta lan horretan ari direla erakunde eta kolektibo ugari. Gainera, nazioarteko babesa badutela azaldu dute, besteak beste, Aieteko Nazioarteko Konferentzian bildutako adituena. Horretarako, beharrezkotzat jo dute presoen giza eskubideak errespetatzea, eta dei egin diete «hainbat jatorri, ideologia edo erlijiotako euskal herritarrei» bakea eraikitzen laguntzeko.

Atxikimendua eman dutenen artean dira Alternatiba, Aralar, Ezker Batua, ezker abertzalea eta Eusko Alkartasuna indar politikak; Hiru, EHNE, ESK eta LAB sindikatuak; eta Bai Euskal Herriari, Behatokia, Eusko Lurra Fundazioa, Lokarri, TAT, Herria2000 Eliza, ESAIT, Jare dantza taldea eta Arabako Emakumeen Asanblada. Gainera, EAJren Ipar Buru Batzarreko bozeramaile Dani Camblondek esan du manifestaziora deituko dutela: «Alderdi gisa deituko dugula uste dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.