Eragileekin harremanetan hasiko da Amaiur, Madrilen haien kezkak defenditzeko

Espainiako Gobernuak ezarri nahi dituen neurrien aurka, foru pasea egiteko eskatu du Sabino Cuadrak

Amaiur koalizioko Sabino Cuadra parlamentaria, atzo, Iruñean eginiko agerraldian. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Iruñea
2012ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Mugimendu sindikal eta sozialekin eta eskubide zibil eta politikoen inguruan mugitzen den herri mugimenduarekin harremanetan hasi behar du Amaiur koalizioak, «alderdien interesak albo batera utzita, Madrilen Euskal Herriko gizartearen beharrei erantzuteko». Halaxe azaldu zuen atzo Sabino Cuadrak, Amaiurrek Espainiako Kongresuan duen legebiltzarkide nafarrak.

«Gure herria ongi ezagutzeko konpromisoa hartu genuen; gure herriaren kezkak, beharrak, eta nahiak ezagutu eta defendatzekoa», esan zuen Cuadrak; horregatik hasiko dira harremanetan gizarte sareko hainbat eragilerekin. Hartu-eman horiek bi helburu nagusi dituzte: «Lehena, gure herriko arazo nagusietan inplikaturik dauden eragileen kezkak ezagutzea eta harremanak estutzea, krisiari aurre egiteko eta gatazkaren konponbidean urratsak egiteko; eta bigarrena, koalizio berria denez, Amaiurrek Madrilen duen jardueraren berri ematea eta bere lanaren izaera azaltzea».

Mugimendu sindikal eta sozialekin «dugun krisi egoerarieta Raxoiren gobernutik datozen neurriei aurre egiteko» jarriko da harremanetan Amaiur.

Krisiaren testuinguruan, eta Espainiako Gobernuak iragarri eta indarrean jarri nahi dituen neurrien aurka, Cuadrak Nafarroako Gobernuari eta alderdi politikoei dei egin zien, duela ehun urtetik gora izan zen Gamazada-ren antzera, «foru pasea» aplika dezaten.

Gatazkaren konponketarako

Amaiurrek eskubide zibil eta politikoen inguruan mugitzen den herri mugimenduarekin ere harremana hasiko du «gatazkaren behin betiko konponbiderako beharrezkoak» direlako: «Gatazkak utzi dituen eta oraindik ere sortzen dituen errealitate desberdinei zor zaien irtenbidea emateko beharrezkoa da hartu-eman hori», azaldu zuen Amaiurreko parlamentariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.