Eragindako mina aitortzeko eskatu die Mendiak presoei

Legediak ez duela amnistiarik jasotzen eta horretan prentsatzeak «frustrazioa» eragingo duela ohartarazi du

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du Espainiako legediak ez duela amnistia neurririk jasotzen. «Ez dago horrelakorik, eta ez da egongo», nabarmendu du. Hori hala, neurri hori eskatzen duten eragileei ohartarazi die euskal presoentzako amnistia eskatzeak «frustrazioa» eragingo duela presoen artean. Gobernu Kontseiluaren ondoren egindako prentsaurrekoan esan ditu hitzok Mendiak. Asteburuan Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, 400 preso ohik eta beste hainbat eragilek egindako eskaeren inguruan mintzatu da.

Mendiak azaldu duenez, Espainiako espetxe zuzenbideak «banakako neurriak» bakarrik jasotzen ditu espetxe onurez gozatu ahal izateko, eta, hortaz, horiek jaso ahal izateko aukera ere banakakoa izan behar dela adierazi du.

Hori dela eta, euskal presoei ohartarazi die legediak gizarteratzearen inguruan jasotzen dituen bideez baliatu ahal izateko ETArekiko «haustura garbia» erakutsi behar dutela, eta eragindako mina aitortu.

Hala ere, espetxe politika «malguago» baten alde agertu da Mendia, eta nabarmendu du espetxe politika horrek presoen «gizarteratzearen» helburua landu behar duela.

Biktimentzako diru laguntzak

Mendiak jakitera eman duenez, Eusko Jaurlaritzak 260.000 euro bideratuko ditu «terrorismoaren» biktimen elkarteak laguntzeko. Diru sail hori 2012ko aurrekontuetan sartuko du.

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten beste alderdiekin negoziatzen ari den aurrekontuen zuzenketa partzialen karietara, Jaurlaritzak beste diru laguntza batzuk onartuko ditu. Hala, «motibazio politikoko biktimentzat» milioi bat euro bideratuko ditu. PPk diru kopuru hori aurrekontuetatik kentzeko eskatu zuen, eta EAJk, EAk eta Aralarrek handitzeko. Batzuen eta besteen eskaerak atzera bota ditu Jaurlaritzak.

Halaber, aurrekontuetatik 450.000 euro bideratuko dira Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroa eraikitzeko. PSE-EEk aurkeztutako zuzenketa baten ondorioz, aurreikusi baino 300.000 euro gehiago jarriko dira proiektu horretan.

Legebiltzarreko Ekonomia batzordeak aurrekontuei egindako 1.811 zuzenketa partzialen eztabaida eta bozketa hasi du; abenduaren 23ko osoko bilkuran adostuko dituzte behin betiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.