Saminez betetako egun beltza da martxoaren 3a Gasteizko historian. 1976an polizia armatuek tiroz hil zituen bost langileak oroitzekoa eta egia, justizia eta erreparazioa eskatzekoa. Atzo, urtero legez, Gasteizko sarraskiaren biktimak gogoan izan zituzten ehunka lagunek goiz eta arratsaldez egindako ekitaldietan. 1976ko martxoaren 3ko gertaeren erantzukizunak zuritu gabe daudela salatu zuten, eta «eragindako samina» aitortzeko eskatu zioten Espainiako Estatuari.
Zaramaga auzoko plaza esanguratsua oroimen eta aldarrikapenerako topaleku bilakatu zen. Romualdo Barroso, Francisco Aznar, Pedro Martinez Ocio, Jose Castillo eta Bienvenido Peredaren omenezko oroitarrian gorazarre xumea eskaini zioten ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek eta Alternatibak eguerdian, eta leku berean bildu ziren arratsaldean ehunka lagun ELA, LAB, ESK eta EILAS sindikatuek deitutako ekitaldi eta manifestazioan parte hartzeko. Ekitaldiotangogoratu zuten Gasteizen duela 36 urte irekitako «zauria» ez dela oraindik itxi, estatuaren «zigorgabetasunak» indarrean dirauelako. 1976ko langileriaren borrokak utzitako biktimen memoria aldarrikatu zuten omenaldietan.
1976an hildako bost langileen oroimena presente egon zen hitzaldi guztietan, baita oholtza gainean paratutako argazkien bitartez ere. Krabelin gorri banarekin marraztuta ageri ziren Barroso, Aznar, Martinez Ocio, Castillo eta Peredaren aurpegiak. «Gasteizko herriari lapurtutako bost krabelin gorri dira», adierazi zuten. Baina bost biktima horiek ez ezik, beste bi izen ere gogora ekarri zituzten omenaldietan: Juan Gabriel Rodrigo eta Vicente Anton Ferrero, 1976ko istiluen ondorioz Tarragonan (Herrialde Katalanak) eta Basaurin (Bizkaia) egindako protestetan Poliziak hildako gazteak. Martxoaren 3ko biktimen elkarteak gonbidatuta, haien senideak ere izan ziren atzoko omenaldietan.
Kritika Jaurlaritzari
Txalaparta doinuekin ekin zioten arratsaldeko omenaldiari, eta, ondoren, aurreskua eta lore eskaintza egin zieten hildako bost lagunei. Goizean Eusko Jaurlaritzak martxoaren 3ko biktimei egindako lore eskaintza ez zen oharkabean igaro elkarteko kide eta sindikatuentzat. Jaurlaritzarena urrats eskasa izan dela salatu zuen Eva Barroso biktimen elkarteko kideak: «Omenaldiak egin aurretik legeak biktima guztientzat zuzen erabili behar dituzte. Soilik izango dira sinesgarri biktimak aitortzeko benetako konpromisoa baldin badute, bestela iraina eta errespetu falta izango da». Hala, estatuari «eragindako samina» aitortzeko eskatu zion Barrosok, eta Eusko Jaurlaritzari, bide beretik «urrats ausartak» egiteko.
Manuel Fraga «erantzukizun politikoei» erantzun gabe hil dela deitoratu zuten, ondoren, ELA, LAB, ESK eta EILAS sindikatuetako bi ordezkarik: «Hilketa haren biktimei, senideei eta lagunei zor zaien aitorpena garai hobearen zain dago oraindik, harik eta gertakari haiei buruzko egia historikoa aldarrikatzen den arte».
1976ko eta 2012ko borroken arteko «antzekotasunak» azpimarratu zituzten, halaber. Langileria garai hartan erdietsitako eskubideen aurkako «erasorik bortitzena» pairatzen ari dela ohartarazi zuten, eta eskubide horiek «borrokaren bidez» zaintzera deitu zuten.
Omenaldia amaituta, «Polizia hiltzalea» eta «herriak ez du barkatuko» oihuek bidea zabaldu zioten manifestazio jendetsuari. Lehen lerroan, biktimen senideak joan ziren, hildako bost langileen argazkiak eskuetan. Atzetik,Borroka eginez eskubideak lortu Borroka eginez eskubideak zaindu leloa zeraman pankarta nagusiari eusten, lau sindikatuetako ordezkariak. Gasteizko gazteriak eta EHK erakundeak ere pankarta bana eraman zuten.
Manifestazioa amaitutakoan, istiluak izan ziren Gasteizko erdigunean, ehunka gazte PPren egoitzaren aurrera protesta egitera joan eta gero. Kalean eseri eta garrasi egiten hasiziren, Ertzaintzaren hainbat furgoneta agertu eta oldartu zitzaizkien arte. Istiluetan, hiru gazte atxilotu zituen Ertzaintzak.
«Bigarren trantsizioa»
Eguerdian, berriz, ekitaldi bateratua egin zuten ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak eta Aralarrek Zaramaga auzoan. «Gertatutakoaren egia» oraindik argitzeko dagoela salatu zuten, eta «ahanzturaren kontra eta oroimenaren alde» agertu ziren lau alderdiok. 2012ko egoera politiko eta sozialaren arteko antzekotasunak nabarmendu zituzten, halaber: «Duela 36 urte bezala, 2012an ere Euskal Herriaren aitortzan eta erabaki eskubidean oinarritutako benetako bigarren trantsizio demokratikoa beharrezkoa du herri honek».
Gaur egun Euskal Herrian zabaltzen ari den fase berrian «eskubide guztien aitortza aintzat hartuko duen jokalekua» lortzeko lanean ari direla azaldu zuten lau alderdiek. Norabide horretan eragiten jarraitzeko, «ezkerreko eragile subiranisten indar metaketa» beharrezkoa dela nabarmenduzuten. Horrez gain, arlo sozio-ekonomikoari irtenbidea emateko ere indarrak batzera deitu zuten, «langileriaren eskubideak arriskuan daudelako».
Martxoak 3. Omenaldiak
Eragindako «samina» aitor dezala eskatu diote Espainiako Estatuari
1976ko martxoaren 3an Poliziak hildako bost langileak omendu dituzte ehunka lagunek Gasteizko Zaramaga auzoanJaurlaritzari «urrats ausartak» galdegin dizkio Martxoaren 3ko biktimen elkarteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu