EAJk igandeko Aberri Eguneko ekitaldia aurkeztu du, gaur, hedabideen aurrean. Itxaso Atutxa BBBko presidenteak eta Andoni Aurrekoetxea EBBko Antolakuntza arduradunak egin dute aurkezpena. Gure etorkizuna, gure aberria da alderdi jeltzaleak aurtengo ekitaldirako aukeratu duen leloa. "Euskadi da eta izango da euskal herritarren aberria, eta, beraz, nahi dugu euskal herria Europako nazioen mapan nazio bat gehiago bezala jasoa izatea, Euskadi den proiektu politikoan artikulatua", adierazi du Atutxak.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Eusko Legebiltzarra estatus politiko berri baterako proiektua adosteko lanean ari dela nabarmendu du Atutxak, "errespetuzko harreman juridiko eta politikoa eraikitzea" helburu. Atutxak adierazi duenez, "agian ez da testuingururik egokiena" autogobernuaren eztabaidari heltzeko, eta "kezka" adierazi du estatu espainiarrean bizi den egoera politikoarengatik. "Elkarbizitza eredua" arriskuan ikusten du. "Legalitate printzipioa printzipio demokratikoari gailentzen zaio eta hura baldintzatzen du".
Horren adibide aipatu du Kataluniako prozesu subiranistarekin gertatzen ari dena. Ordezkari independentisten espetxeratzeak eta 155 artikuluaren ezarpenak "ohi ez bezelako egoera larria" eragin dutela ziurtatu du. Atutxaren esanetan, auziari konponbidea emateko modua "kataluniako herritarrek era aske eta demokratikoan adierazten duten borondatea errespetatzea" da.
Aberri Egunerako EAJren adierazpenak salatzen du Espainiak Kataluniako erakundeetan esku hartzeko hartu dituen hainbat neurrik ez dutela legezko oinarririk. Horien artean aipatu ditu Kataluniako Gobernuko kideen kargugabetzea, parlamentuko inbestidura saioaren badaezpadako esku hartzea edota hauteskundeen salbuespenezko deialdia.
EAJk ohartarazi du ezegonkortasun politikoa areagotu egin daitekeela Espainian, baita Kongresuan ere, eta, horren ondorioz, PPren gobernuak hauteskundeak aurreratu ditzakeela. Hala egingo balu, "egungo espiniartasun olatua" eskuinaren gehiengo absolutu bihur daiteke, EAJren iritziz. Emaitza horrek estatuaren zentralizazio joera indartuko lukeela aurreratu du alderdi jeltzaleak.
Testuinguru horretan, euskal herritarrek "eraikitakoa babestu" behar dutela adierazi du Atutxak, "unea iristen denean, berriz ere aurrera egiteko". Atutxak ziurtatu du horrek ez duela esan nahi "ezerri uko egitea". Aldiz, "egungo testuinguruan, eustea irabaztea izan daiteke".
Alderdi jeltzalearen Bizkaiko buruak nabarmendu du Europako Batasuna duela "helburu" EAJren proiektu abertzaleak. "Euskadi Europan aitortua izanteko aukeraren zain dago". Atutxak gainontzeko nazioekin "parez pare" jarduteko ahalmena defendatu du, "gizarte aurreratu, justu, orekatu eta demokratiko gisa gure gaitasun guztiak garatzeko".
Euskal Herriako hiru esparru administratibo nagusiei dagokienez, Atutxak garrantzia aitortu dio Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa biltzen dituen Euskal Elkargoaren sorrera, lehen aldiz, "autogobernu ekinaldiak" bultzatzeko aukera izango dutelako euskara, kultura eta mugaz gaindiko elkarlanean. "Euskal auzi nazionalarentzako itxaropen lehio bat mantentzen du zabalik". Nafarroan "aldaketaren gobernuaren egonkortzea" ere itxaropenerako arrazoia dela adierazi du.