Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean agerraldi bat egin du Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkariak, talde politikoei azaltzeko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak zer aldaketa hitzartu dituzten Poliziaren Biktimen Legean.
Polizia gehiegikerien biktimen legea joan den 2016ko uztailaren 28an onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bildu abstenitu egin zen, eta kontra bozkatu zuten PPk eta UPDk. Legearen helburua da 1976 eta 1999 artean "motibazio politikoko indarkeria egoeran" gertaturiko giza eskubideen urraketak aitortzea eta urraketa horien biktimei ordaina ematea. Legeak espresuki aipatzen ditu Espainiako Estatuko funtzionarioen urraketak.
Espainiako Gobernuak, ordea, helegitea aurkeztu zuen, eta arauaren hainbat atal baliogabetu zituen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Uztail amaieran, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak iragarri zuten ados jarri zirela legean aldaketak egiteko, Madrilek helegitea kentzearen truke.
Fernandezek jakinarazi duenez, legearen helburua "asistentziala" zen 2016an onartzean, eta baita aldaketak egitean ere; hots, xedea da biktimen erreparazioa bermatzea, bide juridikoa argituta. Ildo horretan, erantsi zuen helburua ez zela "erantzukizun penalak" argitzea. Hain justu, hori egingo dela iradokitzen duten esaldiak kendu egingo dituzte testu berritik.
Fernandezek azaldu du Jaurlaritza harremanetan dagoela biktimekin eta biktimen elkarteekin.