HEZKUNTZA

Erasmuseko ikasle guztiei bermatuko diete laguntza

Espainiako Hezkuntza ministro Jose Ignacio Wertek atzera egin du. Madrilek aldatutako baldintzek aurrera egin izan balute, EHUko ikasleei bete-betean eragingo liekete. "Izugarrizko arazoa" dela ohartarazi du errektoretzak. 900 ikasletik gora dira.

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko azaroaren 5a
16:18
Entzun

Atzera egin du Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak. Erasmus proiektuan parte hartzeko hautatu dituzten ikasle guztiei bermatuko die laguntza, bekadun izan edo ez. Aurrez abisatu gabe, ikasturtea hasi eta bi hilabetera, baldintzak aldatzea erabaki zuen ministerioak, aldizkari ofizialean agindu bat argitaratuta: Espainiako Gobernuaren beka jaso ez duten ikasleak laguntzetatik kanpo utzi zituen. Erasmusekin ari diren estudiante gehienak.

Hegoaldean aparteko eragina zukeen, gainera. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleei Eusko Jaurlaritzak ematen dizkie bekak, eta, beraz, kanpora geratuko lirateke. 900 bat estudiante urtean. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan 222 ikasle dira aurten Erasmusen, eta 47k lortuko zuketen laguntza.

Berealdiko zalaparta eragin du Werten erabakiak. PPtik bertatik ere aurka agertu zaizkio, eta atzera egin behar izan du ministroak. Presazko agerraldia egin du Espainiako Senatuan, eta jakinarazi du beste dekretu bat egingo duela, joan den astean argitaratutako aginduko baldintzak betetzen ez dituztenentzat. "Horrela, ikasle guztiei bermatuko zaie laguntza". Baldintzak aldatzeko argudio gisa, ministerioaren dirua gutxitu dela aipatu du Wertek. Dekretu berriarekin, ordea, denek segituko dute laguntza jasotzen. Baina ez Hezkuntza Ministeriotik. Ogasun Ministerioak aparteko diru sailetatik jarriko du finantzaketa.

Gobernu arazo bihurtu baita Werten dekretua. Ministroak aitortu du Mariano Rajoy presidentearekin eta Soraya Saenz de Santamaria presidenteordearekin hitz egin eta gero aldatu duela erabakia. Europako Batzordetik ere kontu eske aritu zaizkio PPren gobernuari. Ikasturtea hasi eta gero, "ikasleek bidezko itxaropenak egin eta gero", dirurik ez dagoela esatea bidegabea dela ohartarazi du Bruselak.

Aurtengo deialdian laguntza izango dute Erasmuseko ikasle guztiek, baina uste izatekoa da datorren urtean beste kontu batzuk izango direla. Wertek behin eta berriz nabarmendu du "aparteko erabakia" dela gobernuak hartutakoa, ikasturtea hasita dagoelako jadanik. Datorren urterako beste dekretu bat egingo duela iragarri du. "Saiatuko gara lehenago egiten".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.