Genero indarkeria pairatzen duten andreak ez, baizik eta haiek mehatxatzen dituzten gizonak zaintzeko aukera aztertzeko eskatu dute EAJk, Aralarrek eta Ezker Batuak Eusko Legebiltzarrean. Bizkartzainen inguruan egindako saio berezian, «larrienik» mehatxatutako emakumeei zaintza jartzen jarraitzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari. EAJk, PPk, PSE-EEk eta UPDk onartu zuten proposamena. Aralar eta EA abstenitu egin ziren eta Ezker Batuak aurka bozkatu zuen.
Bortxakeria matxista pairatzen duten emakumeak nola babestu eztabaidatu zuten parlamentariek. Eta berritasun handiena izan zen erasotzaileak zaintzeko aukeraz mintzatu zirela hainbat ordezkari. Amaia Arregi EAJko legebiltzarkideak eskatu zuen mehatxatuta dauden emakumeak laguntzera bideratutako diru partidak handitzeko. Baina andreak bi aldiz biktima bihurtzeko arriskua ere serioski aztertzeko galdegin zuen. Ildo berean,arduradun politikoei beste eskari bat egin zien: bizkartzaina jartzea biktimei ez baizik eta erasotzaileei. Horrek ikuspegi ekonomikotik kostu bera lukeela gogoratu zuen: «Eta emakumeek segurtasun handiagoa lukete erasotzaileak kontrolatuta leudekeelako».
Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak adierazi zuen babesa eskatzen duten emakumeei eman egin behar zaiela. Baina horrek ez duela irtenbiderik ekartzen defenditu zuen. Ildo horretan, gaiak irtenbide orokorra behar duela adierazi zuen, «berdintasun politikak» indartuz. Hain zuzen ere, gobernuari berdintasun politikak ahuldu izana gai honi ikuspegi polizialetik aurre egitea leporatu zion. Hala, neurriak erasotzailearen inguruan hartzera aholkatu zion Herrizaingo Sailari: «Denok dakigu zeintzuk diren erasotzaileak».
Mikel Aranak ere babestu zuen zaintza neurriak gizon erasotzaileei jartzeko proposamena. Izan ere, emakumeei bizkartzaina jartzeak bi aldiz biktima bilakatzen dituela adierazi zuen, eta hori saihestu egin behar dela. «Zaintza eta babes neurriak erasotzailearen inguruan ezarri beharko lirateke eta ez biktimaren inguruan», esan zuen. Eta gaineratu: «Zaintza areagotzea proposatzen ari da. Hori hiltzea baino hobea da, baina uste dut erakundeek arazoen sustraietara jo beharko genukeela eta ez sintomara».
Cristina Laborda PSE-EEko legebiltzarkideak ez zuen bat egin bizkartzaina erasotzaileei jartzeko proposamenarekin. Hain zuzen ere, proposamen hori «zaila eta arriskutsua» dela nabarmendu zuen. «Zuzenbide estatuaren eta epailearen aurka joan daiteke proposamen hori, hark bakarrik agindu ditzakeelako behar direnbabes neurriak», azaldu zuen.
PSE-EEko ordezkariak esan zuen erakundeen xedea jarduerak hobetzea dela, eta azpimarratu zuen lehentasunezkoa dela genero indarkeriaren biktimen segurtasuna bermatzea, bai bortxakeria pairatzen duten emakumeena, bai hark zaintzen dituen gainerako pertsonena.
Aintzane Ezenarrok deigarritzat jo zuen PPk Legebiltzarrera horrelako eztabaida eramatea, hain zuzen ere, bizkartzainek adierazi dutenean beraien helburua dela genero indarkeriaren biktimak zaintzea. «Helburua ez da lana ez dutenei lan bat ematea, baizik eta emakumeak babestea».
Carlos Urkijok gogor kritikatu zuen Aralarreko eledunaren aipua eta gogoratu zion atzo eztabaidatu zen ekimena duela zazpi hilabete erregistratu zutela Eusko Legebiltzarrean.
Erasotzaileak zaintzeko aukera aztertzea nahi dute Aralar, EB eta EAJk
Larrienik mehatxaturiko andreei bizkartzaina jartzea eskatu du Eusko Legebiltzarrak, halakorik onartzen badute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu