Datorren larunbantean egingo du ERCk ofizial albistea, Batzorde Nazionalean. Ez da egon bi alderdien arteko desadostasunik, BERRIAk jakin duenez, baina ERCk batera ez joatea erabaki du, Kataluniako giro politikoa aintzat hartuta, hain zuzen, azaroaren 9ko kontsultari begirako estrategiari erantzunez. Joan den ostiralean Bartzelonan egin zuten azken bileratik ateratzerakoan ERCko iturriek aurreratu zuten akordioa "zaila" izango zela.
Maiatzean egitekoak diren Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak ikusmiran, "ezinbesteko" iritzi zioten nazioen erabakitzeko eskubidea "eztabaidaren erdigunean" jartzeari, Kataluniako eta Eskoziako prozesuak kontuan hartuta, eta hori dela-eta hasi ziren elkarrizketak. Elkarlanak jarraitu behar duela uste izan arren, ordea, urrats bat egiteko aukera bertan behera utzi dute.
ERC eta BNGrekin ez ezik, beste hainbat alderdirekin ere izan ditu hartu-emanak EH BIlduk: CUPekin eta Solidaritatekin; NOS-UP eta Anovarekin; PSMrekin, Bloque Independentista de Cuchasekin, Izquierda Castellanarekin eta Red Rojarekin, besteak beste. Oraindik ez dute, ordea, akordiorik itxi.
Europako azkenekoetan ERCk bat egin zuen Aralar eta BNGrekin, eta lortu zuten eserleku bakarra hiruren artean banatu dute legegintzaldian, herrialde bakoitzean zerrendak lortutako botoen arabera.