Euskara

Erdaldunengana iristeko bidea

Korrika hasteko astebete falta dela, erdaldunak 'euskahalduntzeko' moduez aritu dira Martin Ugalde foroan. Erdaldunak euskararen mundura gerturatzeko, mezuak egokitu behar direla ohartarazi dute. [YouTube]http://youtu.be/MeS9ycQPFbU[/YouTube]

Garikoitz Goikoetxea.
2015eko martxoaren 11
11:10
Entzun

Indartsu, jendearen babesarekin agertuko da euskara astebete barru, Korrikarekin. Biharamunetik aurrera zer, indarra nola bideratu, hori izan du kezka azkeneko urteetan AEK-k. Nola ahaldundu euskaldunak, nola erakarri euskararen mundura hurbildu ez direnak. Erronka hori hizpide hartu zuten atzo Martin Ugalde foroan: nola erakarri erdaldunak. Mezua berritu beharra, iristen jakin beharra nabarmendu zuten. Korrikak euskaraz bizi den herria agertuko duen eran, hurrengo egunetik aurrera ere hori nola ikusarazi, erdaldunak hurbildu ahal izateko.

Astebete pasatxo falta da Korrika abiatzeko —Urepelen (Nafarroa Beherea) izango du hasiera—, eta ekitaldi berezia egin zuten atzo Andoainen (Gipuzkoa), euskararen aldeko lasterketaren leloaren jiran: Nola euskahaldundu erdaldunak? Horra goiburua.

Euskalgintzaren alorrean itzal handia duten hiru gizon aritu ziren hizlari: Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Paul Bilbao, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusia; eta Iñaki Martinez de Luna, soziolinguista. Bideratzaile Mertxe Mugika aritu zen, AEKren koordinatzaile nagusia. Euskalgintzako ordezkari gehiago ere baziren entzule: Zigor Etxeburua Gipuzkoako Diputazioko Euskara zuzendaria, Joseba Erkizia HABEko zuzendaria, Jorge Gimenez Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria...

Egoera aztertzea ez, aurrera begirako ildoak zehaztea izan zuten ariketa. Erakargarritasunaren ildotik, Poziktibity kanpainarekin jorratutako bidetik jo zuen Baztarrikak: «Balio positibo eta erakargarriekin lotuta azaldu behar dugu euskara». Jendearen «konpromisoa» lortzea dute helburu.

Hori nola bideratu, hor giltzarria. Bilbaoren esanetan, komunikazio onenarekin ere ezinezkoa da euskaltegiak betetzea. «Bestelako neurriak ere beharko dira». Komunikazioari, esaten denari begira jarri zen Martinez de Luna. Diskurtsoei buruzko gogoeta egina du: «Abertzaletasunean oinarritutako diskurtsoak izan dira. Identitarioak». Zenbait garaitan baliagarri izan dela uste du, baina hutsuneak ere badauzkala. Nola jokatu abertzaletasuna ahulagoa den lekuetan eta sektoreetan? Nola landu hori eleaniztasunak horrelako indarra duen garaian?

Euskaldunen ahalduntzea

Motibazioa, euskara ikasteko gogoa sorraraztea giltzarri jo zuten hirurek. Bilbao: «Ingelesa beharrezkoa dela esaten da. Eta euskara?». Euskaldunek hor zeresana badutela uste du Kontseiluko buruak: «Euskahaldunak aldaketak sor ditzake determinazioz».

Egunerokoan hori egitearen garrantziaz aritu zen Baztarrika, euskal hiztunen jardunaz oharturik erdaldunak ere erakartzeaz: «Euskaradunak euskahalduntzea da moduetako bat. Hizkuntza bat ikasteko, beharrezko sentitu behar da, eguneroko bizitzan naturaltasunez erabiltzeko dela». Bizikidetzaren esparrura ere eraman zuen ikuspegi hori: erdaldunek ohartu behar dutela euskaldunen eskubideez. «Euskararen aldeko hautua egiten duenari ere errespetatu behar zaio hori».

Indar erakustaldia izan da Korrika urtez urte, baina hori nola luzatu izan dute kezka. Martinez de Lunaren iritziz, beste aldi batzuetako kemena falta da: «Trantsizio garaian zegoen aldekotasuna falta da. Hori da gabezia bat». Kemena ezinbesteko dela uste du Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ere, inplikazioa nahitaezko dela euskara biziberritzeko. «Dekretuekin bakarrik ezin da».

Erakartze horretarako, ordea, euskararen mundua nola ageri den aztertu zuten. «Istilutan ibilita ez da jendea erakartzen», ohartarazi zuen Martinez de Lunak. Bi framing ikusten ditu —aldarrikatzailea, abertzaleen ingurukoa; eta uzkurra, espainiar sentimenduari lotua—, eta bi horien arteko gatazkak herritarrak atzerarazten dituela. Alderdi politikoen artean beste joko zelai bat, beste diskurtso bat behar dela irizten dio soziolinguistak. «Liderrek horretara bultzatu beharko luke». Euskara «balio gustagarriekin» lotzea egoki litzatekeela uste du.

Diskurtsoaren alorrean zer egina badagoela aitortu zuen Bilbaok: «Gure mezuek zer ideia esparru elikatzen dute? Hor badaukagu zer hobetu». Hiru aipatu zituen: euskara inposizioekin lotzea, euskara zailtzat jotzea eta erabilera oso eskasa dela nabarmentzea. «Hori ikusita, euskaltegietan nork emango du izena?».

Baztarrikaren arabera, saihetsezina da desadostasun batzuk izatea, baina euskara liskarrarekin lotzeak kaltea egiten duela ohartarazi zuen. «Ez da nahikoa adostasuna, baina adostasunik gabe nekez egingo da aurrera».

Diskurtsoari lotuta, erdaldun guztiei mezu bera ematea akatsa dela nabarmendu zuen Martinez de Lunak: «Ez da publiko homogeneoa, eta komunikazio kanpainetan hutsak egiten ditugu». Hiru talde ikusten ditu: erdaldun euskaltzaleak —«zergatik ez dira euskaldundu, sentimendua badute?»—, euskararen aurkakoak —«desaktibatu behar dira, eragina baitute»—, eta erdian daudenak, gehienak —«helduleku berriak behar ditugu hor»—. Oharra egin zion Bilbaok, identitatea ardatz izan duen diskurtsoaz eta euskaltzale erdaldunez: «Identitateak eman du motibazioa orain arte, baina, zoritxarrez, oraindik arrain asko dago kala horretan». Bestelako ideiak hedatzearen alde egin zuen, hala ere. Euskaraz bizitzeko nahia aldarri hartzea aukeratu du Kontseiluak, adibiderako.

Euskaltegien garrantzia

Euskara biziberritzeko bidean, hezkuntzan jarri dute itxaropen handia. «Helduen belaunaldia galdua zela, uste hori egon da gizartean», ohartarazi zuen Kontseiluko idazkari nagusiak. «Baina, pertsonak ez ezik, espazioak ere euskaldundu behar dira». Helduen euskalduntzea nahitaezko adarra dela adierazi zuen Baztarrikak, eta, duen garrantziaren erakusle, datu bat: 35-55 urte artean, erdiak baino gehiago erdal elebakarrak dira. «Planteatu dezakegu denek EGA izatea? Konformatu egin behar da erdaldun elebakar izatearekin?». Tarteko bidea proposatu du Jaurlaritzak: gutxieneko maila bat eskuratzea multzo handi batek. Uste dute horrela euskaraz mintzatzeko aukerak ugaritu egingo direla. Neurri zehatz batzuk aipatu zituen Baztarrikak: maila apalagoko tituluak sortzea, mintzamenari pisu gehiago ematea... «Erabiltzen ez den euskara da txarrena».

Euskahaldun izango du leloa aurtengo Korrikak. Ahaldundu egin nahi dituzte euskaldunak, eta ahalmen horiek indartu, euskararen mundura hurbildu ez direnek urrats hori egiteko. «Aktibazioa» aipatu zuen Martinez de Lunak: euskaraz badakitenek, erabateko gaitasuna izan ez arren, jardun egin behar dutela. «Zertarako euskaldundu erdaldunak bestela?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.