Larunbatean azken orduko zertzeladak eman ostean, Elizondok milaka euskaltzaleri ateak ireki zizkien atzo, goizetik. Bost kilometro eta erdi baino gehiagoko ibilbidea, lau gune, kontzertu eta aisialdi eskaintza zabala... Hamabortz, ama bat lelopean euskararen alde lan egiten jarraitzeko eguna antolatu zuen Baztan ikastolak: Nafarroa Oinez.
Datorren urtean Vianako Erentzun eta Lodosa eta Sartagudako Ibaialde ikastolen artean antolatuko dute Nafarroa Oinez, Vianan. Bertan egin zuten 2007an eta 1992an.
[Youtube]https://youtu.be/hzZR591lb8U[/Youtube]
Aurtengo edizioan Baztan ikastolako bederatzi irakasle omendu dituzte: Mari Karmen Goñi, Sokorro Iñarrea, Marilu Apeztegia, Mari Paz Goñi, Kepa Dendarieta, Juanjo Atxa, Maite Iturralde, Mari Joxe Iturralde eta Jasone Altxu. Nafarroako Ikastolen Elkarteak, berriz, Jose Luis Gorostidi, Antontxu Zabaltza eta Pedro Miguel Etxenike omendu ditu, "ikastolei eta euskarari eskainitako babes eta esfortzuagatik".
Ibilbidea egin zutenek herria zein landa gunea tartekatzeko parada izan zuten. Erakundeei harrera eginez eta zinta moztuta hasi zuten eguna; orduan hasi zituzten lau guneetako ekitaldi guztiak: kontzertuak, dantza saioak, tailerrak... Gunetik gunerako bidea girotu duten talde ibiltariak ere izan ziren, baita Erronkan parte hartu zuten Nafarroako hamabi ikastolako gazte taldeak ere.
Hamaika ekintza antolatu baziren ere, 13:30ean gune guztiek bat egin zuen asmo berarekin: Elizondo abesbatza erraldoi bihurtu dute, Urko abeslariaren gidaritzapean Guk euskaraz abesteko. Gabriel Arestik idatzitako hitzak ezagunak badira ere, eskuorriak banatu zituzten bertaratutako guztiek aho batez abes zezaten.
Helburu "apalak"
1970. urtean guraso talde batek sortu zuen Baztan ikastola, euskara debekaturik zegoen garaian. Hamaika oztopo gainditu behar zituen orduan, eta, egoera aldatu arren, zenbait arazo dituzte gaur egun ere. Ikastola hazi da azken urteetan; ikasturte honetan Baztan ikastolak 122 familiatako 210 ikasle ditu, eta hamabost irakasle. Horren eskutik beharrak sortu dira. Nafarroa Oinez-en bildutako diruarekin Haur Hezkuntzako eraikinaren teilatua goratu nahi dute, baita egurrezko zorua konpondu ere, besteak beste.
Baztan ikastolan udalerriko hamabost herrietako ikasleak daude. Bestalde, Nafarroan hamabost ikastola daude. Aurtengo leloak horri egiten dio erreferentzia, hain justu: Hamabortz, ama bat. Hamabost herri, hamabost ikastola, ama hizkuntza batek, euskarak, josita.