Erkizia: «Euskal gizarteak legeztatu egin du jada Sortu»

«Orain arte ezagutu dugun ETA jada ez da existitzen», esan du Jose Luis Rodriguez Zapaterok

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Joan den larunbatean Bakerantz.Legalizazioa lelopean egindako manifestazioak Bilboko kaleak lepo bete zituen, eta horrek erakutsi zuen «euskal gizarteak legeztatu egin duela jada Sortu». Hala uste du Tasio Erkizia ezker abertzaleko kideak. Erkiziak Info7 irratian adierazi du Bilbon egon ziren milaka eta milaka lagunek «irmo» eskatu ziotela Espainiako Gobernuari urratsak egiteko eta euskal gizarteari dagozkion eskubideak aitortzeko.

Horiek horrela, datozen hauteskundeei begira ezker abertzalea «lasai» dagoela esan du Erkiziak, ziur delako «nola edo hala» bozetan egongo dela. «Formula batekin edo bestearekin hauteskundeetan egongo da». Bozetatik independentziaren eta euskal estatuaren aldeko hautua «oso indartuta» aterako dela iritzi dio.

Ezker abertzaleko ordezkariak uste du Sortu legeztatzea besteaukerarik ez dela egongo, eta «lehenago edo geroago» hori gertatuko dela. Azaldu duenez, ezker abertzalea «pozik» dago prozesua hartzen ari den norabidearekin, nahiz eta PSOE eta PP «blokatzen» saiatu. Erkiziarentzat, PPren presioetara makurtzen ari da Espainiako Gobernua, eta hori «kezkagarria» da. «PSOE ez da gai legea betetzeko, ezta egoera berriari aurre egiteko ere».

Hain justu ere, PPk ezker abertzaleari hauteskundeetan parte hartzen ez uzteko eskatu du, «edozein formula aukeratzen duelarik ere». Leopoldo Barreda PPko bozeramaileak Onda Vasca irratiari egindako adierazpenetan esan du Sortu ETAren «amua» dela eta hauteskundeetan pate hartzea ETAk jarri duen helburua dela. «Orain ez dugu erratu behar. Demokraziak oso ondo funtzionatu du terrorismoaren aurka, eta askatasunen defentsan ezin da muntaiarik utzi». Horri lotuta, Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari Sorturen eta ETAren arteko lotura ikertzeko galdegin dio PPk.

EAJren EBBko presidente Iñigo Urkullu, bestalde, ziur da ezker abertzalea hauteskundeetan egongo dela, «marka bat edo bestea erabilita». Eta legez kanpo uzten badute legezko beste alderdi edo plataformen aldeko botoa eskatuko duela uste du. Haren iritziz, PSOEk eta ezker abertzaleak ere aukera hori ere aintzat hartu dute, eta horren araberako «kalkuluak» egiten ari dira.

Xabier Arzalluz EAJren EBBko presidente ohiaren ustez, berriz, ezker abertzaleak «bide politiko eta baketsuak» erabili nahi ditu, eta berak «sinetsi» egiten dio. Info7 irratian esan du ezker abertzaleaz Alfredo Perez Rubalcabaz baino gehiago «fio» dela. Espainiako Gobernuko lehen presidenteordearen aurka gogor egin du: «Hura da topa daitekeen maltzurrena. Ez naiz fio gobernuaz, Rubalcaba tartean badago». Gizarteak bakea nahi duelauste du Arzalluzek: «Baina ez dakigu ETAk zer nahi duen. HBk nahikoa egin du».

«Demokraten erresistentzia»

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburak adierazi du gertu dagoela ETAren amaiera. «ETAren amaiera biziko dugu, amaiera fasean dago». Berri agentzia bati eskainitako elkarrizketa batean esan du «demokraten erresitentziak» eragin duela hori. «Erradikalizatutako sektore txiki batekin bizi gaitezke denbora batez. Hala uste du gobernuak, Poliziarekin eta alderdiekin eginiko hurbilketa dela medio».

«Orain arte ezagutu dugun ETA jada ez da existitzen», nabarmendu du, halaber; eta indarkeriaren amaiera iragarriko lukeen agiri baten aurrean gobernuak «zuhurtziaz» jokatuko lukeela adierazi du. «Amaiera gogorra izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.