100.000 lagun baino gehiago elkartu ziren larunbatean Bilboko kaleetan, Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea lelopean. Besteak beste, EAJk deitu zuen manifestaziora, eta gaur egin du haren balorazioa Eusko Jaurlaritzak. Gobernu kontseiluaren ostean egin ohi duen agerraldian mintzatu da Josu Erkoreka Jaurlaritzako eleduna.
Jaurlaritzak positibotzat jo du manifestazioa egin izana, eta nabarmendu du mobilizazioa hain jendetsua izan zela "euskal gizartearen gehiengo zabalak eragotzi nahi duelako bakea erdiesteko aukera zapuztea". Erkorekak azaldu duenez, Jaurlaritzak aurrera egingo du Bake eta Bizikidetza Planeko hemezortzi ekimenak betetzen, eta gaineratu du "irekita" izango dituela komunikaizo-bideak Espainiako Gobernuarekin zein euskal alderdi politiko guztiekin.
Halaber, jakinarazi du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak bilera bat egiteko data jartzeko zain dagoela. Horrez gain, esan du "dena da ETA" planteamendua "iraganeko oroitzapena" dela eta "arazo asko" sortzen dituela.
Nafarroako Legebiltzarra, manifestazioaren aurka
PSNren abstentzioari esker, Nafarroako Parlamentuak adierazpen bat onartu du, larunbatean konponbidearen alde Bilbon eginiko manifestazioa "gaitzetsiz". "ETA erakunde terroristako presoen aldeko" manifestazioa izan zela dio testuak, eta horri erantzuteko "terrorismoaren biktimekiko elkartasuna, miresmena eta errespetua" adierazi du parlamentuak. UPNk aurkeztu du proposamena, eta PPNk babestu du. PSN abstenitu egin da, eta Bilduk, Aralar-NaBaik eta Geroa Baik kontra bozkatu dute. Halaber, iragan asteazkeneko atxiloketen harira, PSNk beste adierazpen bat proposatu du, erabaki judizialei "erabateko errespetua" adieraziz. Onartu egin dute hori ere.