Radio Euskadiko Boulevard saioan elkarrizketatu dute gaur goizean Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Saio horretan esandakoekin Twitterren idatzi dituen txioetan azaldu du zergatik ez den egongo Iñigo Urkulluren gobernua maiatzaren 4an Kanbon egingo den ekitaldian. Haren hitzetan, ETAk "Euskadin" eragin du gehien, eta hori esatearekin batera nabarmendu du Kanbo "Euskaditik kanpo" dagoela.
Gaineratu du Jaurlaritza harremanetan dagoela antolatzaileekin, baina ekitaldi itxia dela dio, eta eurek ez dutela ezagutzen ETAren agiria. ETAri eskatu dio adierazteko azken agiri horretan eragindako mina "gaizki" egon zela eta "justifikaezina" dela. "ETAk egin beharrekoa egiten duenean, Eusko Jaurlaritzak, ondoren, bere balorazio pausatua egingo du".
Arnaldo Otegi EH Bilduko buruak azkar erantzun dio Erkorekari, eta baieztatu du Kanbon —( "Euskal Herrian") nabarmendu du— izango dela koalizioa "Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako lehendakariarekin", Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko presidenteari erreferentzia eginez.
Astelehenean eman zuten, Baionan, Kanboko ekitaldiaren berri, eta Etxegaraik eragile guztiak gonbidatu zituen parte hartzera. Biharamunean, ordea, Erkorekak berak jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak ez duela ekitaldi horretan parte hartuko. "Politikoki eta etikoki" ez daudela ados esan zuen bozeramaileak. Ez joateko erabakia Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak hartu zuen, eta, gobernuaren bileran, sailburu guztiek babestu zuten, Erkorekak azaldu zuenez.
Bake Bideak gaur argitu du maiatzaren 4an Kanbon egitekoa den konferentzia eguerdian izango dela.
Nafarroako Gobernuak gaur iragarri du ez dela Kanbon izango.
PSE ere ez
PSEk uko egin dio maiatzaren 4an Kanbon (Lapurdi) antolatuko den konferentzian parte hartzeko gonbidapenari. Alderdiak ohar bidez azaldu duenez, Foro Sozialak, Bake Bideak eta Harremanetarako Nazioarteko Taldeak sustatutako ekitaldiak ETAren "erabakia laguntzea" duela helburu, baina erabaki horren helburuak ez daudela "argi zehaztuta".
Hala, PSEk ez du nahi alderdiaren parte hartzea "ETAren historia makillatzeko" edo "haren krimenak justifikatzeko" erabili daitekeen edonolako ekintzarekin lotzerik.
"Gure nahia da ETAren desagertzea, hiltzeari uztera behartuta ikusi zenetik sei urte eta erdira, argia eta zalantzarik gabea izatea, trukean ezer jasotzea espero gabe", adierazi du PSEk oharrean.
Alderdiaren esanetan, ETAk "2011an onartu zuen bere porrota". Erakundea gizartearen erantzunak, segurtasun indarren lanak, nazioarteko lankidetzak eta Justiziaren eta politikaren jardunak garaitu zutela ziurtatu du.
Bideoa: Kanboko topaketen aurkezpena (Julen Aperribai eta Julen Hidalgo, BerriaTB).
[YouTube]https://youtu.be/bWLnrDv0vPA[/YouTube]