«Ez gaur, ez bihar, ez luzera begira». EAJk ez du ezker abertzalearekin akordiorik izenpetzeko asmorik. Hala azaldu zuen atzo Josu Erkoreka diputatu jeltzaleak, Onda Cero irratian egin zioten elkarrizketan.
Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak herenegun egindako adierazpenei erantzun zien Erkorekak. Lehendakariaren aburuz, EAJ ezker abertzalearekin bat egingo duen aztertzen hasi da, beren «obsesio subiranistak» aurrera eraman ahal izateko. Erkorekak, baina, Lopez oker dagoela azaldu zuen. Haren esanetan, EAJk ezker abertzalearekin zer-nolako harremana duen ikusteko, nahikoa da bere alderdiak «jasotzen dituen irainak» ikustea. Hortik, bi aldeen artean elkarlanerako asmorik ez dagoela ondoriozta daitekeela uste du.
Ezker abertzalearekin inongo akordiorik hitzartzeko asmorik ez duten arren, alderdia legeztatu beharko litzatekeela uste du jeltzaleak. Haren aburuz, Sorturen legeztapena ikuspuntu juridiko batetik aztertzen bada, «oso zaila edo ezinezkoa» da auzitegiek alderdi berriaren estatutuak ez onartzea. «Legezko izateko bete behar dituen baldintza guztiak betetzen ditu».
Dena den, auzitegien erabakia iritzi politikoengatik «kutsatua» egon daitekeela uste du Erkorekak, Espainiako Gobernuaren eta auzitegien artean «inoiz ukatua izan ez den konplizitatea» baitago.
Bidenabar, ikuspuntu politikoa soilik aztertuz gero, Sorturen inguruan zalantzak izatea «ulergarritzat» jo ditu. «Ezker abertzalearen eta ETAren historia guztia kondenatzeko eskatzea ulergarri» dela uste du, edo «euren asmoa benetakoa dela aztertzeko 40 edo 50 eguneko epea gainditu» behar izatea.
«Hori eta askoz gehiago eska» daitekeela uste du Erkorekak, baina epaileak erabakia «legearen arabera» hartu behar duela. Legea aintzat hartuta, «legeztapenaren aldeko ebazpena» eman behar litzatekeela uste du politikari jeltzaleak.
«Intoxikazioa»
PSOE, PP eta EAJ izaten ari diren jarreraren harira, hiru alderdiek egoera politiko berrian «beren burua kokatzeko zailtasunak» dituztela uste du ezker abertzaleak, eta «diskurtso politiko gabe» geratzen ari direla.
Alderdi horien immobilismoaren aurrean, ezker abertzaleak estrategia politikoa berritu, eta garai politiko berrirako pausoak eman dituela azaldu dute. Orain«ardura politikoz jokatzeko garaia» dela uste dute.
Baina Espainiako Gobernuaren helburua «urratsen sendotasuna edo zintzotasuna pitzatzea» dela azaldu du alderdiak. «Urratsik egin ez eta ezezkoan jarraitzen» dutela, «gainditzear dituen olatuaren aurrean manipulazioahelburu duten informazioak eraikitzen». Ezker abertzalearen arabera, azken egunotan hainbat hedabidetan agertu den informazioa «intoxikazio eta kriminalizazio» saioak dira.
Kritikak Jaurlaritzari
Lopez kritiko agertu zen herenegun, Donostiako Kursaal aretoan egindako agerraldian, eta jeltzaleentzat eta PPrentzat hitz gogorrak izan zituen. EAJk soilik «eraikuntza nazionalean» pentsatzen duela adierazi zuen, eta PPk «interes ekonomikoak eta balio moralak soilik defendatzen» dituela.
Baina, kritikak egiteaz aparte, hainbat kontrako iritzi ere jaso ditu Lopezek azken egunetan. Ia bi urte bete ditu lehendakaritzan, eta zenbait politikarik Jaurlaritzak urte horietan izan duen ibilbidea ebaluatu zuten.
Emaitza ez da batere ona izan Lopezentzat. Aurkari politikoek «ez gainditua» eman diote haren jardunari. Erkorekaren ustez, herritarrek iritzi hori agerian utzi dute inkesta guztietan. Hark bezala, Iñigo Urkullu EBBko presidenteak ere Lopezek suspenditzea erabaki zuen herenegun. Bereziki autogobernuaren inguruko jarduna gaitzetsi zuen.
Lopezen gobernukideak ere ez dira oso adeitsuak izan lehendakariarekin. Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak «aurrerapausoak» onartu zituen atzo zenbait arlotan, baina, dena den, «hobetzeko asko» dagoela uste du. Hala nola osasunean, proposamen ekonomikoetan eta langabeziaren arloan.
Erkorekak dio EAJk ez duela akordiorik hitzartuko ezker abertzalearekin
Bi alderdien arteko elkarlana ukatu arren, Sortuk legezkoa izan beharko lukeela uste du diputatu jeltzaleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu