Josu Erkoreka Espainiako Kongresuko EAJko bozeramailearen esanetan, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko hautagaiaren ildoak daude irailean Eusko Legebiltzarraren politika orokorreko osoko bilkuran Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopezek aurkeztuko duen Bakerako eta Elkarbizitzarako Planaren atzean, eta, beraz, «sinesgarritasun eta berrikuntza gutxi» izango du, «Lopezek Madriletik agindutakoa besterik ez duelako egingo».
«Guztiek dakite alor horretan Patxi Lopez ez dela autonomoa, eta Madrilek, eta zehazki Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko hautagaiak, ezarritako ildoei jarraituko diela», adierazi du Erkorekak.
Horregatik, uste du «plana aurkezteko garaian protagonismo jakin bat emango dioten arren» Patxi Lopezek «Madriletik uzten eta agintzen diotena» egingo duela soilik, «bereziki Perez Rubalcabak uzten eta agintzen diona, hura baita gai hori zehazten duena, eta Patxi Lopez ez da hark ezarritako mugetatik irtengo».
Diputatu jeltzalearen iritziz, beraz, Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren proposamenak ez du «sinesgarritasunik» edukiko. Bi arrazoi jarri ditu hori esateko:«Plana ez delako berea, eta ez duelako berrikuntzarik ekarriko bakearen edo normalkuntzaren alorrean».
«Ferrazen bedeinkapena»
«Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako buru den bitartean, herritar batek ere ez du uste Lehendakaritzak benetako ekimen mamitsu bat prestatu dezakeela. Lopezek Madriletik agindutakoa besterik ez du egingo», adierazi du Erkorekak.
«PSOEren moduko alderdi politiko batean, bere seme-alabek egiten duten guztiaren atzean aitak agintzen duena dago, eta aita, gaur egun, Madrilen dago, Moncloan, baina, batez ere, Ferrazen», gaineratu du jeltzaleak; eta hauxe erantsi du: «Ezin da imajinatu ere egin Euskadin, sozialisten lerroetan, Ferrazek bedeinkatu ez duen ekimenen bat sortzea, ez gai honetan ezta beste ezeinetan ere; baina bereziki gai honetan».
Madrilgo diputatu jeltzaleen bozeramailearen ustez, gainera, Jaurlaritzari eusteko sozialistek PPren babesa dutenez, zaila izango da Antonio Basagoitik zuzentzen duen alderdiak plan horretan esku hartu gabe aurrera ateratzea: «PPren eskuetan dauden erakundeetan plan hura ezartzeko asmoa izanez gero, litekeena da Alderdi Popularraren galbahetik igaro behar izatea, eta PPk oso galbahe estua du».
Sozialistak, baikor
Guztiz bestela mintzatzen ari dira PSE-EEko ordezkariak Patxi Lopezek irailaren amaieran aurkeztuko duen planaz. PSE-EEko eledun Jose Antonio Pastor, adibidez, erabat konbentzituta mintzatu zen herenegun Elkarbizitzarako Planak izango duen eraginaz. Pastorren iritziz, plan horrek «bakea azkartuko» du eta ezker abertzaleak ETA desager dadin eskatzera eta biktimen garrantzia onartzera bultzatuko du gainera.
Erkorekak Rubalcaba ikusten du Lopezen Bake Planaren atzean
EAEko lehendakariaren egitasmoak berrikuntzarik ez duela izango iritzi dio diputatu jeltzaleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu