Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiaren aurka zentsura mozio bat aurkezteko asmoaindarra galtzen ari da. Josu Erkorekak argi utzi du EAJk ez duela gisa horretako ekimenik babestuko, hori eginda Bilduko kideen «biktimismorako jarrera indartuko» litzatekeelako. Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta PSE-EEren idazkari nagusiak, berriz, adierazi du ez dela gisa horretako ekimen bat proposatzeko «unea». «Ez nago alde, baina ezta kontra ere», argudiatu du Lopezek.
Javier Rojo Espainiako Senatuko presidente eta alderdi sozialistako kideak aipatu du Martin Garitanoren aurka zentsura mozio bat aurkezteko asmoa, joan den ostiralean Kataluniako Uda Unibertsitatean ETAren biktimen inguruan Garitanok egindako adierazpenen harira. Agintari sozialistaren proposamenak, baina, ezustean harrapatu ditu PSE-EEko kideak.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako araudiaren arabera, EAJren batzarkideen babesa ezinbestekoa litzateke zentsura mozio bat aurkezteko, hamabost batzarkideren babesa behar delako gisa horretako ekimen bat aurkezteko eta PSE-EEren eta PPren batzarkideen batura ez delako hainbestera iristen. Zentsura mozioa aurkeztuta ere, hiru alderdiek bat egin beharko lukete Garitanoren ordezkoa aukeratzeko eta gobernu akordioa egiteko. Proposamen hori jeltzaleen mahaiaren gainean jarri zuten PSE-EEk eta PPk maiatzeko hauteskundeen ostean, baina EAJk baztertu egin zuen. Mozioa aurkeztearen aurka azaldu bada ere, batzar nagusietan azalpenak eman ditzala eskatu dio EAJk diputatu nagusiari.
EAJ «baldintzatu» nahian
Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, Erkorekak azaldu du Garitanoren adierazpenen gaia «erabiltzen» ari direla PSE-EE eta PP, besteak beste, alderdi jeltzalearen estrategia «baldintzatzeko». «Hauteskundeetara begira hartutako jarrera da. Ematen du orain jokabide irmoak hartzearen alde egiten ari direla, baina badakigu bihar haiekin [Bildukoekin] batzartuko direla komeni zaien gauzez hitz egiteko. Ez ditugu PPren eta PSOEren hauteskunde giroko jokabideak babestuko», nabarmendu du Erkorekak.
Era berean, diputatu jeltzaleak uste du Garitanoren aurka zentsura mozioa aurkezteak «mesede» egingo liokeela Bilduri. «Horixe nahi du Bilduk, bere kontrako zentsura mozioa aurkeztea eta aurrera ateratzea. Horrela, gobernatzeko ardura beren gainetik kentzeko —uste baino gogorragoa dela konturatzen ari baitira— eta beren burua biktima eta baztertu gisa saltzeko».
Diputatu nagusiak Katalunian eginiko adierazpenen inguruan, berriz, Erkorekak esan du Garitanoren hitzek «kritika gogorra» merezi dutela.
Erkoreka baino gogorrago mintzatu da Odon Elorza Donostiako alkate ohia. Elorzaren ustez, «moralgabea» da Garitanoren jarrera. Haren ustez, Garitanori «berdin zaizkio» ETAk egindako atentatuak, «iraganean demokraziaren aurka jardundakoa delako». «Bilduk bera aukeratu izana oker politiko bat baino gehiago iruditu zitzaidan: probokazio bat. Eta izugarria da Bilduren aldeko botoa eman zutenei berdin izatea Garitano hautagaia izatea».
Erkorekaren ustez, zentsura mozioak «mesede» egingo lioke Bilduri
Diputatu jeltzaleak uste du hori eginda koalizioko kideen «jarrera biktimista indartuko» litzatekeela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu