Gasteizen dauden zortzi meskitetara doazen berrogeita hamar musulman inguruk erlijio askatasunerako eskubidea aldarrikatu zuten atzo Gasteizko udaletxearen aurrean. Duela bi hilabete Zaramaga auzoko zenbait bizilagun Martin Olabe kaleko etxabe batean egingo den meskitaren aurkako elkarretaratzeak egiten hasi ziren. Horren harira, Javier Maroto alkateari beren erlijio askatasunerako eskubidea berma dezan eskatu diote, baita Zaramagako meskitaren egoera argitzen laguntzeko ere.
Duela bi hilabete inguru hasi zen zalaparta Zaramagan, Martin Olabe kaleko bizilagunek jakin zutenean Gasteizko pakistandarren kultura elkarteak kale horretako etxabe bat egokitu behar zuela meskita bat egiteko. Zenbait auzokidek meskitaren aurkako sinadurak bildu, eta azken hilabetean elkarretaratzeak egin dituzte ostegunero. Meskitako sustatzaileek etxabea egokitzeko baimen guztiak dituztela gogorarazi zuen Patxi Lazkoz aurreko alkateak, baina Javier Maroto PPko orduko alkategaiak ezbaian jarri zuen baieztapen hori. Maroto alkate izendatu zutenetik ez du gaiari buruz ezer ere esan.
Meskitek ez dutela «liskar iturri» izan behar esan zuenAhmed Zannoutik, Gasteizko San Vicente Paulekoaren kaleko meskitako kideak, atzo egindako elkarretaratzean. Gasteizko beste meskitetako kideek Zaramagako meskitaren bultzatzaileei babesa eskaini diete, eta bizilagunek astero egiten dituzten mobilizazioak eteten ez diren bitartean ostiralero, gurtzaren ostean, udalaren aurrean bilduko direla aurreratu dute.
Zaramaga etorkinen auzo gisara jaio zela gogorarazi du Zannoutik, Espainia eta Galiziako hamaika txokotatik heldutako pertsonei harrera egin ziela. Orduko etorkinek egungoek beste arazo izan zituztela gogorarazi du, baina orduan elizara joateko aukera izan zutela. «Guk ere izan nahi dugu otoitz egiteko aukera». Bide batez, meskitetara Euskal Herrian jaiotako pertsonak ere badoazela gaineratu du, eta musulman guztiak etorkinak direla gezurtatu du Zannoutik.
SOS Arrazakeria, babesle
Erlijio askatasuna aldarrikatzen jarraitzeko eskatu die Fede Garcia SOS Arrazakeria Arabako kideak. Meskitaren aurka dagoen bizilagun taldeak «aurretiazko itxiera» eskatzen duela gogorarazi du, zarata ugari eta droga salerosketa egon daitezkeela iradokiz. Dena den, Gasteizko zortzi meskitek inolako arazorik ez dutela izan nabarmendu du.
Maroto alkatearen jarrera gogor kritikatu du Garciak. Meskitaren aurkako jarrera zenbait boto lortzeko erabili izana leporatu dio, baina alkate denetik ezerez duela egin gaineratu du.
Erlijio askatasunerako eskubidea aldarrikatu dute Gasteizko musulmanek
Zaramagako meskitaren aurkako mobilizazioak kritikatu, eta egoera konpontzeko eskatu diote udalari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu