HEZKUNTZA

Erlijioa eskola ordutegitik ateratzea nahi du EAEko Eskola Kontseiluak

Kontseiluak dio aurkako botorik gabe onartu dutela txostena, eta alde bozkatu dutela Kristau Eskolek. Hark orain erantzun du proposamenaren aurka dagoela. Ikasle etorkinak eskoletan banatzearen alde ere egin du kontseiluak. Krisi garaian, baliabideei eusteko eskatu du.

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko ekainaren 19a
14:13
Entzun

Matrikulazioa etenik gabe behera doala eta eskolan curriculuma osorik lantzeko denbora soberan ez daukatela ikusita, Erlijioa ikasgaia eskolako ordutegitik kanpo uztea proposatu du EAEko Eskola Kontseiluak. Atzo batzarra egin zuten kontseiluko kideek, eta ez zuen aurkako botorik jaso 2010-2012ko txostenak. Kristau Eskolek ere babestu dute ebazpena, kontseiluko presidente Maria Luisa Garcia Gurrutxagaren arabera. Hori gezurtatu egin dute Kristau Eskolek ohar baten bidez, eta esan dute proposamenaren kontra daudela.

Finean, Batxilergoan orain arte jarraitutako bidea orokortzearen alde egin du kontseiluak; hots, eskolei askatasuna ematea ikasgai hori ordutegian nola finkatu erabakitzeko, derrigorrezko ordutegitik at —eguerdian edo arratsaldean jartzea aipatu dute—.

Kontuan izatekoa da Batxilergoan martxan jarritako eredu hori atzera bota duela Espainiako Auzitegi Gorenak, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako elizbarrutietako gotzainek auzitara jo eta gero. Datorren ikasturtean, ohiko ordutegiaren barruan eman beharko dute erlijioa institutu guztietan.

Gomendio sorta luzea egin dio Eskola Kontseiluak Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. Baliabideei buruz luze ari da txostena. Behin eta berriz ohartarazi dute krisiarekin eskasten ari direla ikasleen baldintzak, eta nabarmendu dute hezkuntzak zeregina daukala ikasleen arteko desoreka horiek berditzeko. Baliabideei eustea ezinbestekoa dela uste dute horregatik.

Ikasle etorkinei buruzko gomendio bat badago tartean. Estudiante atzerritarrak "modu orekatuagoan" banatzeko eskatu dute. 

Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreformaren aurkako aldarria berretsi du eskola kontseiluak, eta nabarmendu du "lidergoa" egitea Jaurlaritzaren lana dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.