Erlijio ikasgaiaren ordezkoa jartzera derrigortu egin du Espainiako Auzitegi Gorenak Eusko Jaurlaritza, eta horrekin pozik azaldi dira Gasteizko, Bilboko eta Donostiako gotzainak. Ohar bateratu bat kaleratu dute epaiari buruz. Hezkuntza Sailari eskatu diote berehala jartzeko martxan Batxilergoan Erlijioa eta ordezko ikasgaia, "diskriminaziorik gabe eta harena den maila akademikoarekin". Eusko Jaurlaritzak iragarria du onartuko duela epaia, eta jarriko duela abian ordezko ikasgaia. Nola egin aztertzen ari dira.
Hiru gotzaindegiek eta Kristau Eskolek jo zuten Jaurlaritzaren dekretuaren kontra. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen haien salaketa, baina Auzitegi Gorenak onartu egin du. Epaileen arabera, ordezko ikasgairik ez jartzeak "diskriminazioa" eragiten du, Erlijioa aukeratzen duten ikasleek ordubete gehiago eman behar dutelako ikastetxean.
Pozik dira gotzainak, baina salaketa ere egin dute: dekretua martxan izan den urteetan Batxilergoko hainbat ikastetxetan Erlijioa desagertu egin dela esan dute. "Familiek euren seme-alaben heziketaren kontrola galtzeko arrisku handia dago".