Ugalketa eskubideak

Ernalkuntza lagundua lesbiana bikoteei eta bikotekiderik gabeko emazteei zabaldu diete

Gametoak izozteko aukera ere hedatu du Frantziako Gobernuak. Gainera, lesbiana bikoteen kasuan, haurdunaldia egin ez duen amak haurrarekin filiazioa finkatzen ahalko du.

Ernalketa lagundua defendatu zuten feminstek Baionan, urtarrilean, katoliko integristen parean. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko abuztuaren 3a
16:05
Entzun

2018an hasi zuen ibilbidea Bioetika Legea gaurkotzeko lege proiektuak, Frantziako joan-jinkari parlamentarioan. Besteak beste, ernalkuntza lagundua emakume orori zabalduko dio legeak. Orain arte, gizon batek eta emakume batek osatutako bikoteei baino ez zitzaien laguntzen, baldin eta egiaztatzen bazuten ez direla gai beren kabuz ugaltzeko. Bada, gaurtik aitzina, lesbiana bikoteek, eta bikotekiderik gabe ama izan nahi duten emakumeek ere egiten ahalko dute ernalkuntza lagunduaren prozesua. Gainera, lesbiana bikoteen kasuan, haurdunaldia egin ez duen amak haurrarekin filiazioa finkatzen ahalko du notarioan desmartxak aldez aurretik eginda. Orain arte prozesu hori atzerrian burutu duten bikoteek hiru urteko epea izanen dute gaurtik hasita filiazioa finkatzeko.

Bioetika Legearen berritze bidea luzea izan da, Frantziako eskuineko alderdiek egindako helegiteak ugariak izan baitira. Iragan ekainean, Frantziako Parlamentuak azken hitza eman zuen, eta legearen berritzea baieztatu. Hor ere, eskuineko talde politikoek Konstituzio Kontseilura jotzea erabaki zuten, baina instituzioak trenkatu du: legeak Frantziako Konstituzioarekin bat egiten du. Hala, gaur agertu da legea, bere osotasunean, Frantziako Agerkari Ofizialean.

Bioetika Legeak ernalkuntza lagundua hedatzeaz gain, gametoen izozteko prozesua ere hedatu du. Orain arte, osasun arazo jakin batzuk izan behar ziren obozitoak edota espermatozoideak izoztu ahal izateko, etorkizuneko haurdunaldi batera begira. Lege berriari esker, ez da gehiago baldintzarik izanen prozesu hori egin ahal izateko. Bestalde, gameto emaileen informazioa jasotzen ahalko dute prozesu horren bidez sortutako haurrek, 18 urte betetzean.

Protesta ugari eragin zituen Bioetika legearen berritzeak, batez ere eskuin muturreko mugimenduen eta katoliko integristen artean. Baionan, erraterako, manifestazio bat egin zuen La Manif Pour Tous kolektiboak, ernalkuntza lagunduaren hedatzea salatzeko. Ipar Euskal Herriko mugimendu feminista izan zuten parean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.