Errausketa plantak

Errausketa planta Donostian jartzea erabaki du Jarraipen Batzordeak

Gipuzkoako bigarren errausketa planta Donostiako Loistegikogainean jartzea erabaki du gaur Jarraipen Batzordeak. Donostiako alkate Odon Elorzak erabakia beranduago hartzea eskatu du, baina ez dute bere proposamena onartu, eta beraz, Elorzak ez du bozketan parte hartu. Loistegikogainak 10 aldeko botu jaso ditu, Villabonak 2, Urnietak 1 eta beste bozka bat zuria izan da. Elorzak esan duenez, EAJk eta EAk erabakia "inposatu" egin dute, arrazoi politikoengatik.

2004ko uztailaren 19a
16:05
Entzun
Erabakia atzeratzea eskatzeko hiru arrazoi jarri ditu Elorzak: azterketak ez duela kokagune posibleetako haizearen norabidea aztertzen; errausketa plantak sortuko dituen hondakin toxikoekin zer egingo den ez delako argitu; eta errausketa planten proiektua ez delako behar bezala ezagutzen.

Ez dute Donostiako alkatearen proposamena onartu, eta Elorza haserre agertu da. Erabakia politikoa izan dela salatu du, EAJk eta EAk aspaldi hartu zutela. "EAJ-EAk eta kasu honetan Egibarrek, inposatu egin dute erabakia, eta arrazoi politikoengatik".

Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Integralaren Jarraipen Batzordeak Gipuzkoan ezarri nahi duten bigarren errauste planta non jarriko duten erabaki du. Foru Aldundiak egindako azterketak jasotzen dituen bederatzi tokietatik bat aukeratu behar izan dute: Bergara (Aldeta-San Kristobal), Villabona (Amasamendi), Usurbil (Arpita-Zaharra), Zubieta (Ezkuzaitzeta), Donostia (Loistegikogaina), Zestoa (Oliden), Urnieta (Pagoadarraga), Ormaiztegi (Sasieta I) eta Beasain (Sasieta II).

Beste errauste planta Txingudiko bailararentzat izango da Hendaia, Hondarribia eta Irun biltzen ditu, eta Gaintxurizketako Zaldunborda baserriko lursailetan egingo dute. Gaurko bileran zazpi mankomunitateetako presidenteak, aukeratu dituzten zortzi udaletako alkateak, Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko diputatu Luis Maria Oiarbide eta Batzar Nagusietako alderdi politikoak izan dira. Behin betiko kokagunea bozketa bidez erabaki dute, eta bozketan zazpi mankomunitateek eta zortzi alkateek izan dute boto eskubidea.

Hauts asko arrotu du errausketa planten auziak. Gipuzkoa osoan plataforma ugari sortu dira, plantak inon ez egitearen alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.