Errausketaren Kontrako Herri Plataformen Gipuzkoako Koordinakundeak giza kate bat prestatu du gaurko, eskatzeko Zubietan errauste plantarik ez dezatela eraiki. Kontxa hondartzan osatuko dute katea, 11:30ean, estropadetako bigarren eguneko lehen txanda hasi baino ordu erdi lehenago.
Atez ate, herriz herri, errausketarik ez lelopean elkartuko dira, eta aldarrikatuko dute hondakinak tratatzeko badaudela erraustea baino «modu merkeagoak, gutxiago kutsatzen dutenak, energia gehiago aurrezten dutenak eta lanpostu gehiago sortzen dutenak». Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta hainbat udaletako arduradunen «asmo onak» ikusi arren, mobilizatzea garrantzitsua dela uste du Koordinadorako bozeramaile Maria Luisa Sanchezek.
Ezker Anitza, Kontxan
Protestari atxikimendua adierazi diote alderdi eta elkarte ugarik, eta hori bera egin zuen atzo Ezker Anitzak. Alderdiko Gipuzkoako koordinatzaile Arantza Gonzalez eta herrialde horretako zerrendaburu Jon Hernandez izango dira katean.
Gainera, Hernandezek jakinarazi du bere alderdiak Eusko Legebiltzarrean ordezkaririk lortuz gero hondakinen gaineko lege bat proposatuko duela, zaborrak biltzeko eredu «ekologikoago eta iraunkorragoak» aintzat hartuko dituena. Produktuak biltzeko ontzi gehiegi darabilten markei isunak jartzea proposatuko du Ezker Anitzak lege horretan.
Errauste plantaren aurka, giza kate bat egingo dute gaur, Donostian
Kontxa hondartzan egingo dute, 11:30ean; estropadetako bigarren eguna baliatuko dute aldarrikapena egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu