Zubietako erraustegiaren aurkako borroka oraindik indarrean dela azpimarratuz, haren aurkako mobilizazio berri bat iragarri du gaur Donostian Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. Igandeko 11:00etan, Kontxako estropaden bigarren jardunaldiko gizonen txanda hasterakoan, giza kate bat egingo dute Kontxako hondartzan eta pasealekuan, errausketaren arriskuak salatu eta «hondakinei irtenbide jasangarriagoa ematea» eskatzeko.
Hain zuzen, mobilizazioa iragartzeko agerraldian, erraustegiaren izaera kutsatzailea salatu dute mugimenduko kideek, Zubietako plantak, gehienezko errendimenduarekin lan egitera iritsiz gero, urtean 200.000 tona CO2 isuriko dituela azpimarratuz. «Denontzat gauza jakina da gas hauek direla klima krisiaren eragile nagusienetakoak, eta, hala ere, instalazio honi Gipuzkoako Ingurumen Gunea deitzen diote gure agintariek», adierazi dute.
Bestalde, 2020an Gipuzkoan sortutako errefusaren %36 Donostiatik zetorrela gogoratu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, eta, iaz turismoak beherakada nabarmena izan zuen arren, hiriburuko biztanle bakoitzeko 255 kilo errefus sortu zirela zehaztu du. Hala, Donostiako egoera «penagarria» dela nabarmendu eta egoera aldatzeko interesik eza leporatu dio udalari: «Garbi geratu da gaikako bilketaren arduradunek ez dutela epe laburrean inolako pauso esanguratsurik emango».
Hori dela eta, Gipuzkoako hiriburua erraustegiaren aurkako protesta egiteko leku apropostzat jo dute mugimenduko kideek, eta igandeko giza katean parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Halaber, Donostia Bizirik, Eguzki eta Ekologistak Martxan plataformek, ELA, LAB, Steilas eta CCOO sindikatuek eta EH Bildu eta Equo alderdiek bat egin dute deialdiarekin.