Ingurumena

Erraustegiaren tramitazioan «prebarikazioa» egotzita deklaratu du Jaurlaritzako ingurumen baimenen arduradunak

Zubietako erraustegian ustez gertatutako ez-betetze larriei «ez ikusiarena egitea» leporatuta galdekatu dute, ikertu gisa, ia bi orduz.

Zubietako erraustegia. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
2023ko urriaren 6a
15:35
Entzun

Fiskaltzaren salaketa batean oinarrituta ikertzen ari dira Hipolito Bilbao Intxaurraga Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuko Zerbitzuko arduraduna, Zubietako erraustegiak ustez eragindako kutsadurari buruzko auzi batean. Funtzionario hori arduratzen da kutsatzeko ahalmen handia duten instalazioen ingurumen baimen bateratuak (IBB) emateaz eta kontrolatzeaz. Hala nola Zaldibarko zabortegian, Petronorreko findegian eta Gipuzkoako eta Bizkaiko hondakin erraustegietan egiten du lan hori. Prebarikazioa egotzi diote, eta eskatu dute ikertzeko ea ez ikusiarena egin zuen Zubietako erraustegiko ez-betetze larri batzuen harira. Halaber, argitzea nahi dute ea horiek zerikusia izan duten erraustegiaren inguruko lur eta uretan agertutako kutsadurarekin.

Herri akusazioaren, hots, GuraSOSen galderei erantzun die goizean Jaurlaritzako funtzionarioak, eta instrukzio epailearenei ere bai. Hain zuzen ere, GuraSOSek bidalitako oharraren arabera, ikertutako gizona saiatu da azaltzen egindako guztia bat datorrela legearekin. Herri akusazioko talde horren arabera, baina, «ez du susmoa uxatu», eta hori dela eta, epaileari eskatu dio —duela urtebete fiskaltzak egin bezala— abiatu dezala polizia ikerketa bat gai horri buruz.

Zubietako erraustegian instalatu zuten baimendu gabeko purga sistema bat da salaketaren oinarri, zeina gasak arazteko hobian izaten ari ziren kondentsazio arazoei aurre egiteko erabiltzen baitzen. BERRIAk eman zuen horren berri, 2022ko irailean, lantegian lanean aritutako behargin batek emandako dokumentazioan oinarrituta; besteak beste, purga hori erakusten zuten argazkietan.

Salaketa horietan oinarrituta, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak agerraldi bat egin zuen Eusko Legebiltzarreko ingurumen batzordean, eta argazki bat erakutsi zuen, baina ez salaketa horri dagokion tokikoa. GuraSOSek jakinarazi duenez, gaur ikertuak aitortu du Tapiak erakutsitakoa eta ikerketaren oinarrian dagoena bi tutu ezberdin direla. Onartu du salaketaren abiapuntu izan den tutu hori badela, baina ziurtatu du legezkoa dela.

Eusko Legebiltzarreko ingurumen batzordeko ordezkaritza batek baimena eskatua du Zubietako erraustegia bisitatzeko, eta GuraSOSek jakinarazi du bisita laster egingo dela.

Gaurko deklarazioaren harira, herri akusazioko taldeak «ontzat» jo du ingurumen sailburuordetzaren jardunari buruzko ikerketa aktibatzea, baina gaitzetsi du urtebete baino gehiago igaro izana diligentziarik egin gabe. «Atzerapen hori bateraezina da ingurumen defentsa eraginkor batekin», ohartarazi du.

Fiskaltzak eskatutako diligentziak bideratzeko eta auzia «hutsean» ez ixteko ere eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.