Estoldarekin lotutako ur drainatze sistema bat erabili dute erraustegian

Zubietako proiektuak egitura itxi bat bazuen ere, erretze frogak hastean, likidoa kanporatzeko tutu bat jarri zuten. Inguruko erreketako eta lurpeko uretan kutsadura atzeman dute hainbat ikerketatan

Estoldarekin lotutako ur drainatze sistema bat erabili dute erraustegian.
inaki petxarroman
2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun

Udan zeresana eman du Zubietako erraustegiak (Gipuzkoa), haren aldamenean den Arkaitzerreka errakastoan izan den kutsadura dela eta. Uztailaren 13an apar likitsu batekin agertu zen erreka, eta Errausketaren Aurkako Mugimenduak (EAM) gertaera salatu ostean, Usurbilgo Udalak laginak hartu zituen, laborategi batera bidaltzeko. Emaitzek erakutsi zuten kloruro, amonio, DQO (Oxigeno Eskaera Kimikoa) eta zenbait metal astun kopuru handiak zeudela errekastoan. GHK-k ukatu egin zuen erraustegia zela errekako isurketaren jatorria, nabarmenduta instalazioetako hobi eta biltegi guztiak «itxiak» direla, eta sistemaren «estankotasuna bermatuta» dagoela. Alegia, Zubietako instalazioetatik ez dela urik isurtzen kanpoaldera.

Kutsadura horren inguruan, Usurbilgo Udalak eta GuraSOS elkarteak salatu zuten Arkaitzerrekaren goiko urak garbiak zeudela, eta erraustegiaren instalazioetatik behera hasten zela kutsadura. Handik aste batzuetara, Gara egunkariak argitaratu zuen GuraSOS elkarteak Jaurlaritzan eskuratutako hainbat txostenen emaitza, eta ikerketa horien ondorioa zen erraustegiaren lur azpiko uretan kutsadura toxiko maila handiak daudela.

Besteak beste, dioxina, furano, fenol eta beste osagai toxiko arriskutsu batzuen presentzia baieztatu dute SGS eta Idom laborategiek egindako eta GuraSOSek Jaurlaritzako Ingurumen Sailean eskuratutako ikerketek. Txosten horien harira, GuraSOSek adierazi zuen Arkaitzerrekan uztailean gertatutakoa ez dela isurketa bakan bat izan: «Erraustegiaren lurreko eta lur azpiko uretako kutsadura arazo oso larri baten aurrean gaude. Arazo iraunkorra da, eta enpresak eta gobernuek ezagutzen dute, gutxienez, 2020ko udatik».

Kutsadura horrekin zerikusia izan dezakeen kontu baten berri jakin du BERRIAk. Erraustegian lanean aritutako behargin batek hainbat agiri eta irudi utzi ditu euskarazko kazetaren esku. Horiek erakusten dute Zubietako bi errauste lerroetan likidoak husteko baimenik gabeko drainatze tutuak eraiki zituztela lehen suzko probak hasi ostean, 2019. urtearen amaiera aldean.

Hezetasuna aurrezkailuan

Zehazki, keak arazteko prozesuan, aurrezkailuaren gunean, hezetasun handia pilatzen zela jabetu ziren enpresako arduradunak. Horrek tenperaturan eta presioan arazoak sortzen zituen, iturri horien arabera. «Zirkuitu guztia hustu, garbitu eta bete egin zuten hainbatetan, eta jabetu ziren hodiaren hondoan ur kondentsazio handia zegoela. Arazo horri aurre egiteko, proiektuak aurreikusten ez zuen, eta sekula hor egon beharko ez zen drainatze tutu bat eraiki zuten, estoldarekin lotutakoa».

Errausketa sistema ezagutzen duten hainbat adituri eskatu dizkie argibideak kazeta honek. Euren esanetan, labean errausketa egin ostean, tximiniara bitartean, gasen arazte sistema bat jartzen da martxan instalazio horietan. Amoniako, karea eta beste hainbat gehigarri botatzen dira, eta gero errautsak eta suspentsio partikulak xurgatzen dituzten hodi iragazkietatik igarotzen dira gasak. Horien artean beroa apaltzen duten aurrezkailu edo hozkailuak daude. Hain zuzen ere, sistema horretan, ura kondentsa daitekeen gunea da aurrezkailuarena. Zubietako erraustegian, justu toki horretan sortu zen arazoa hezetasunarekin.

Hainbat enpresa aritu ziren Zubietako gasen arazte sistema muntatzen. Martxan jartzeko prozesua Alemaniako SBE (Steinmuller Bakoc Environment) enpresak aurrera eraman bazuen ere, gasen arazte sistemaz Italiako Boldrochi konpainia arduratu zen. Euren artean, baina, desadostasunak izan zituzten, eta SBEk abiatze prozesurako Kroaziako Duro Dakovic Montaza kontratatu zuen. Kroaziako enpresa horretako teknikariek jarri zituzten drainatze tutuak. BERRIAk 2020ko otsaileko irudi bat eskuratu du, hodi hori instalatuta zegoela erakusten duena. Kazeta honek ezin izan du ziurtatu ea tutu horiek oraindik ere bertan dauden gaur egun. GHK-ri gai honetaz zuzenki galdetu badio ere, ez du erantzunik jaso.

Aipatutako tutu hori lotuta egon den gasen arazte egitura horretan dago erraustegiaren kutsadurarik handiena, bertan pilatzen direlako gas toxikoenak eta errautsak.

Bereziki, drainatze horretatik ateratzen den ur partikula esekiekin (PM) egon daiteke kutsatuta, adituen arabera, hau da, errautsekin.

Europako Hondakinen Zerrendaren 19. atalean ageri dira errautsak, hondakinen tratamendurako instalazioekin lotutako poluzio iturri gisa, eta halaxe dio haiei buruz: «Hautsezko materiala da, 250 mikrometrotik beherako partikulen tamainakoa eta azalera espezifiko handikoa; horrek, konposizio kimikoarekin batera, urak kutsatzeko arrisku handia ekartzen du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.