Errauste plantari esker datozen 20 urteetarakoGipuzkoan hondakinen arazoa konponduta dagoela dio harro Carlos Ormazabal Ingurumen diputatu eta Hondakinen Partzuergoko lehendakariak. Tinko defendatzen du azpiegitura, eta atzeraezina dela azpimarratu du. Epaileek ere ez dutela atzera botako uste du. «Erabaki guztiak berme juridiko handienarekin hartu ditugu».
Zuk esana da 20 urterako konponduta dagoela Gipuzkoan hondakinekin dagoen arazoa. Ziur zaude?
Errauste plantak 21 urterako bizia izanda, ziurta dezaket 20 urterako, behintzat, konpondu dela arazoa. 20 urte barru, berriro aztertu beharko da egoera.
Bozak gertu dira. Zer gertatuko da, herri askotan errauste plantaren aurkako gehiengoak nagusitzen badira? Eta Markel Olanok errauste plantaren aurka dauden alderdienbabesa beharko balu?
Mankomunitateak izan ziren aldundira jo zutenak, hondakinen arazoarekin laguntzeko eskatuz. Hala, partzuergoa sortu genuen. Hari dagozkio erabakiak. Aurreko astean, alkateekin egindako bileran, leporatzen ziguten alderdien legeaz aprobetxatzea. Baina 2008ko hondakinen inguruko foru araua ia aho batez onartu zen. Ezker abertzalea batzar nagusietan ordezkatuta egon izan balitz ere, justuago izan arren, araua onartu egingo zen.
Zein da proiektuaren kostua?
Hasieran aurreikusten genuen kostua 391 milioikoa izango zela. Une honetan, interesak kontuan izan gabe, inbertsio osoa 378 milioikoa da. Horietatik, 223 milioi erabiliko dira azpiegiturak eraikitzeko. Kostua ez da jaitsi konpostatze plantak ez ditugulako eraikiko, baizik eta adjudikatutakoaren kostua txikiagoa izan delako.
Krisi garaian nola azaldu halako dirutza gastatzea errauste plantan?
Krisia egoteak ez du esan nahi hondakinekin arazoa konpondu behar ez denik. Orain 20 urte hasi ginen hondakinen gaiaz hitz egiten, eta erabakiak, zoritxarrez, krisiarekin batera hartu behar izan ditugu. Ziurrenik, lehenago hartu behar ziren. Bizkaian aspaldi dago martxan Zabalgarbi.
Banketxeekin hartutako konpromisoak ez al dira oso gogorrak?
Lortu den akordioa abalik eman gabe lortu da, eta azpiegiturarik hipotekatu gabe. Eskatzen diguten bakarra da aldez aurretik hartuak genituen konpromisoak betetzea. Horien xedea da hondakinei lotutako foru araua betetzea, eta mankomunitate batek ez badu zerbitzuagatik ordaintzen foru aldundiaren funtsetik erretentzioa aplikatzea.
Partzuergoa uzten duenak kuota ordaintzen jarraitu behar izatea ez al da bidegabea?
Jasotzen duten zerbitzuagatik ordainduko dute, ez gehiago.
Zer gertatuko da tarifekin errauste plantara espero baino zabor gutxiago iristen bada? Igo egingo al dira?
Bermatu beharko dena da tarifak zerbitzuaren kostuaren parekoak izango direla. Orain dugun konpromisoa da errauste planta eraiki artean tarifen igoera KPIa+%1 izango dela, eta, hortik aurrera, KPIa soilik. Gainera, errauste plantara aurreikusi baino hondakin gutxiago iristeko aukera aipatu duzu. Baina, zergatik ez pentsatu kontrakoa? Hau da, etorkizunean demografia hazkunde handi bat izan, eta aurreikusi baino hondakin gehiago iristea plantara. Errauste plantak ez du errentagarritasuna izan behar. Ematen den zerbitzuaren kostua betetzearekin nahikoa da.
Txingudiko Mankomunitatea partzuergoko kide izateko prozesua baliogabetzen bada, ez al da proiektua auzitan jartzen?
Ez dut ulertzen zein interes agoen Txingudiko Mankomunitatea partzuergoan ez egoteko. Zu, adibidez, Txingudi partzuergoan egotearen aurka zaude? Ez al dute horretarako eskubiderik? Gure ustez, prozesua ondo eraman da. Gainera, Txingudiren botoak ez dira erabakigarriak izan prozesuan. Boto horiek gabe ereonartuko ziren erabakiak.
Donostiako epaile batek jada baliogabetu du errauste plantaren proiektua.Ez al duzue beldurrik epai hori irmo bihurtzeko?
Konbentzituta gaude hartu ditugun erabaki guztiak berme juridiko handienarekin hartu ditugula. Epai irmoa balitz, agian, beste erakunde bat sortuko genuke. Izan ere, behartuta gaude zaborrei tratamendua ematera.
Befesak iragarria du helegitea jarriko duela, lanak egiteko adjudikatzeprozesuan faboritismoz jokatu duzuelakoan.Zer egingo duzue hala bada?
Erantzun egingo dugu. Adjudikazioa eman diogun taldeko enpresetako bat ordaintzeko etetean zegoela salatu zuten, baina guk baieztatua dugu ez dela horrela.
Nora eramango dituzue errautsak?
Errautsak nora eraman ez dugu erabaki, hiru urte ditugu oraindik horretarako.
Eskoriak biltzeko tokia lekuz aldatu behar izan duzue geologia arazoentatik? Erabaki al duzue non kokatu?
Oraindik ez. Dauden aukera guztiak aztertu behar ditugu.
Arazuriko biometanizazio planta bertan behera geratu zen hirigunetik bi kilometrora baino gutxiagora zegoelako. Zubietakoa ere hala dago...
Distantzia horrek jada ez du balio, Francoren garaiko lege batean oinarritzen zen, eta deuseztatua dago. Arazurin gertatu zen ez zituztela planta kokatzeko beste aukera batzuk aztertu.
Frantziako medikuek atzerapena eskatu dute etorkizunean eraiki daitezkeen errauste plantentzat. Hemen, Usurbilgo Itunak eskatua du hori. Zuek zergatik ez duzue egiten?
Ezinezkoa da. Hiru urteko bizitza baino ez zaie geratzen lurraldean irekita dauden hiru zabortegiei. Gainera, moratoria zeren baitan? Zabortegiak ixten direnean, zer proposatzen dute egitea?
Atez atekoarekin hondakinen %80 birziklatzea lortu da, adibidez. Ez al dira emaitza esanguratsuak?
Ni ez naiz datuetan sartuko. Hala badira, datuak onak dira, Baina ez al da bitxia, Usurbilek, Hernanik eta Oiartzunek hain emaitza onak izanda, garbiguneak eraikitzea? Gainera, garbiguneak aldundiak ordaindu ditu.
Aste honetan, bi argazki erakutsiz, zuk aitortu duzu bosgarren edukiontzian jasotzen den zabor organikoaren kalitatearen parekoa duela atez ate biltzen denak.
Kalitatea ona izango da, ona denean. Baina baldintza txarretanbadago, guri dagokigu salatzea. Orain hilabete batzuk erakutsi genituen argazkietan erakusten zen ez zegoela baldintza onetan. Horrela ezin zen konposta egin.
Antzuolan ere hasiak dira atez atekoa egiten, eta Debagoieneko beste herrietan ere jarriko da. Zer gertatuko da gero eta herri gehiago badira horren alde egiten dutenak?
Debagoienan adostua dutena da nahi duten herri guztietan jarriko dela. Oñatin, adibidez, bosgarren edukiontzia jartzeko asmoa dute, eta Aretxabaletan, horrekin jarraitzekoa. Bestela, non dago hainbeste aipatzen duten udalen autonomia? Mankomunitateak onartutakoa udal guztietan ezartzea bai dela autonomia urratzea.
Hiru konpostatze planta eraikiko zenituztela esan zenuten, baina Lapatxekoa baino ez duzue handituko. Zuen apustua birziklatzea eta konpostatzea dela kontuan hartuta, ez al da kontraesankorra?
Ezta gutxiago ere. Beharraren arabera eraikiko ditugu. Lapatxekoa handitzearekin eta eraiki asmo dugun biometanizazio plantarekin 65.000 tona zabor organiko jasotzeko gai izango gara, eta horrekin nahikoa dela uste dugu, hondakinen plan nagusiaren helburuak kontuan hartuta.
Zertan oinarrituko dira Lapatxen egingo dituzuen hobekuntzak?
Batetik, handitu egingo dugu, eta, bestetik, estali. Izan ere, jasotzen den materia organikoa purutasun handikoa da, eta horrek esan nahi du hezetasun handia duela. Beraz, konposta egiteko tenperaturari eusteko, ezinbestekoa da estaltzea.
Konpostarekin zer egiten duzue?
Tratatzen den materia organikoaren %20 bihurtzen da konpost. Oraingoz, ez dugu hura merkaturatzeko baimenik, eta egiten ari garena hastapen proiektuak baino ez dira: lorategizaintzan, paisaiaren berreskuratzean... Iaz lortutako konpostatik, adibidez, 490 tona erabili ditugu. Gainontzekoak heltze prozesuan jarraitzen du. Baimena lortzean aztertuko dugu zer egin. Dena den, hemen behar handirik ez dago.
Lapatxek 2.300 tonatarako gaitasuna duela kontuan hartuta, eta iaz 4.000 bildu zirela, gainontzeko 1.700 tonekin nola egiten duzuekonposta?
Piletan bilduta. 55 gradutan mantendu. 15 egunetan han mantentzen da usteltzen. Gehixeago kostatzen da konposta egitea, baina emaitzak berdinak dira.
Carlos Ormazabal. Gipuzkoako Ingurumen diputatua eta Hondakinen Partzuergoko burua
«Errautsak nora eraman ez dugu erabaki; oraindik badauzkagu hiru urte»
Konpostatze plantak «beharraren arabera» eraikiko dituztela dio Carlos Ormazabalek. Oraingoz, Lapatx baino ez dute handituko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu