Europako mapa estatuek antisorgailuekin duten jarreraren arabera koloreztatuz gero, Frantzia berdez ageriko litzateke, egoera onean; Espainia, aldiz, laranjatik hurbilago legoke, horiz. Hala erakusten du Europako Parlamentuaren Biztanleria eta Garapenerako Foroaren Kontrazepzioaren Atlasak: haren arabera, Baionan bizi den emakume batek %90,1eko erraztasuna dauka erabakitzeko guraso izan ala ez, noiz izan, eta zenbat haur eduki; Bilbon bizi den batek, berriz, %59,7koa baino ez.
Antisorgailuak eskuratzeko aukera materialak, familia plangintzarako aholku eskaintza eta informazio kanpainak neurtu ditu atlasak, eta horiexek izan dira Frantziak eta Espainiak lortutako emaitzak. Lehena zerrendaren buruan dago —ugalketa tasa handiena ere badauka—; Espainia, berriz, dezente atzerago dago, Errumaniaren pareko eta Portugalen eta Turkiaren atzetik. Hala ere, guztietan antzeman dute defizita txostenaren egileek: «Pertsonek euren ugalketa erabaki ahal izatea ez da lehentasuna erankunde gehienentzat». Haien ustez, XXI. mendeko Europan, kontrazepzioa nahi gabeko haurdunaldiak eragoztea baino gehiago da: «Emakumeak ahalduntzeko epe luzeko tresnak ematea da». Horretarako, hiru gomendio dauzkate erakunde publikoentzat: informazio «inpartzial eta egokia» eskaintzea euskarri guztietan; antisorgailuak osasungintza publikoaren oinarrian txertatzea; eta gazteetan eta talde ahulenetan arreta jartzea. Frantziak aspalditik betetzen ditu baldintzak: antisorgailuak 1983tik sartzen dira Gizarte Segurantzan, eta adingabeek ez dute gurasoen baimenik behar haiek lortzeko 2001etik.
Hego Euskal Herriko egoera ez da Espainiako bera. Madrilgo gobernuak oso antisorgailu gutxi finantzatzen ditu, eta, ondorioz, erkidego gehienek euren poltsikotik ordaintzen dituzte. Familia Plangintzarako Federazioaren datuen arabera, Nafarroako Gobernua da kontrazepzio mota gehien laguntzen dituen erakundea. «Eskuragarritasuna erraza da», uste du Esther Aretak, Andraize elkarteko sexu hezitzaileak. Nafarroan, hura arduratu da azken 40 urteotan gazte eta helduen sexu hezkuntzaz: «Ospitaleko ginekologoaren bidez ere eskuratu daitezke pilulak, baina emakume gehienak hona etortzen dira, informazio zabalagoa ematen diegulako». Oro har, diruz lagundutako metodoak gomendatzen dituzte. Merkeenak eguneroko pilulak —6 eta 12 euro artean, erabiltzaileen subentzio mailaren arabera— eta injekzio bidezko hormonak dira —hiru hilean behineko txertoak euro bat baino gutxiago balio du—. «Txaplatak eta eraztunak hiru aste irauten dute, eta 20 euro balio dute; inplanteak —azalaren azpian txertatzen den gailuak— berez 100 baino gehiago balio ditu, baina subentzionatuta 59 ordaintzen dituzu». DIUak, berriz, 130 euro balio ditu, baina doan jartzen dute ospitaleetan.
Arinkeria handiagoa
Azken 40 urteotan, ia bikoiztu egin da kontrazepzio metodoak erabiltzen dituzten emakumeen kopurua munduan. Nazio Batuen Ekonomia eta Gizarte Gaietarako Sailaren datu berrienen arabera, gaur egun bikotean bizi direnen %64k kontrolatzen dute euren ugalketa; 1970ean, %36 baino ez ziren. Europan, inoiz baino errazagoa da antisorgailuak lortzea, eta enpresa ekoizleek aldiro-aldiro merkaturatzen dituzte produktu espezializatuagoak. Aretak, ordea, kontraesan handi bat sumatzen du: ugalketa adinean dauden pertsonek inoiz baino antisorgailu gehiago dauzkate eskura, baina haien inguruko informazioa eta kontzientzia ez dira neurri berean hazi. Sexu bidezko eritasunekin, esaterako, gizartea «lasaitu» egin dela uste du Aretak: «Sifilisa ia desagertuta zegoen, eta, orain, igotzen ari da berriz. GIBarekin, berdin: orain, gazteek ez dakite zer den hiesagatik hiltzea. Zorionez, seropositiboek ere tratamendu onak dauzkate. Ondorioz, izua galdu diote: sifilia eta hepatitisa txinera dira haientzat. Preserbatiboa erabiltzen da, baina ez erabili behar litzatekeen bezainbeste».
Bat dator Ana Ramirez de Ocariz Sorolla, Arabako Emaize elkarteko sexologo eta Gasteizko Udaleko sexu aholkularia. Nafarroako zentroen aldean, haiek informazioa eskaini besterik ezin dute egin; errezetak lortzeko, medikuaren kontsultatik igaro beharra dago. Horrek, bereziki nerabeentzat, zailtasunak dakartzala nabarmendu du: «Adin horretan, oso ziur egon behar zara medikuarengana joateko; gerta liteke auzokidea edo senideren bat han topatzea. Badakigu gazte ugari galtzen ditugula hor». Sendagileek errezetak ematen dituzte, baina sarritan ez dute beharrezko astia hartzen pilulei buruz informatzeko. Nafarroan, badira gutxienez bost urte osasun publikoak —zentro berezietatik at— kontrazepzio kanpainarik abiatu ez duela. Osakidetzako azkena ere ordukoa dela uste du Ramirez de Ocarizek: «Duela urte batzuk, medikuek kit bat izaten zuten konstultan banatzeko, kondoi batekin, koito ondorengo pilularekin eta informazio orritxo batekin. Baina agortu zirenean amaitu zen». Gaur egun, farmazietan lor daiteke hurrengo eguneko pilula: errezetarik gabe, baina informazio gehigarririk gabe. Nerabeen ikuspegitik, ez da egoera samurrena. «16 urtetik beherakoei, batzuetan, ez diete ematen», azaldu du Ramirez de Ocarizek: «Gainera, mito asko daude; adibidez, bonba hormonal bat dela eta antzu gera zaitezkeela. Ondorioz, gerta daiteke gazteek ez hartzea behar dutenean. Gainera, 20 euro balio du: nerabe batentzat, ez da merkea».
Sexu hezkuntza eskolan
Bi sexologoentzat, ezinbestekoa da nerabezarora heldu aurretik oinarrizko sexu heziketa ematea. Berez, bada horretarako legezko tresna bat: Espainiako Gobernuak 2010ean onartutako Sexu eta Ugalketa Osasunaren eta Haurdunaldia Borondatez Etetearen Legea. Abortua zigorgabetzen zuelako da ezaguna lege hori, baina beste zati bat ere badauka: ikastetxeetan sexu hezkuntza sartzeko obligazioa. Hego Euskal Herrian, ordea, ez da betetzen: sexu heziketa eman nahi duten ikastetxeek euren kabuz eskatu ohi dute, «baina beti euren ekimenez».
Nafarroan helburu horixe bete dadin, iaz, Sexu eta Ugalketa Osasunari Buruzko Foru Dekretua onartu zuen Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak osatutako gobernu berriak. Datorren ikasturtean abiatuko dute programa pilotu bat zortzi ikastetxeetan. «Zero urtetik batxilergora arte txertatuko da sexu hezkuntza», azaldu du Aretak. Hurrengo ikasturtean, sare publiko osora zabaltzea da asmoa.
Saio horietan, kontrazepzioaz ez ezik, «sexuen hezkuntzaz» ere hitz egiten dute. «Antisorgailuak erabiltzeko, ez da aski informazioa; autoestimua ere landu behar da», azaldu du Ramirez de Ocarizek: «Kondoi bat erabiltzeko, jakina, kondoia poltsikoan eduki behar duzu, baina besteari proposatzeko gaitasunak ere behar dituzu: komunikazio gaitasuna, segurtasuna eta autoestimua». Aretarentzat ere, antisorgailuez hitz egitea sexu hezkuntzaz hitz egitea da halabeharrez, eta, ondorioz, baita harremanez ere. Gazteen espektatibak kutsatuegi daudela uste du: «Informazio asko jasotzen duen belaunaldi bat da, baina ez informazio ona, pornografikoa baizik. Telebista ikusi besterik ez dago: sabaia gotelean margotu behar dutela diruditen eiakulazio horiek, emakumeen oihuak orgasmoa daukatenean... Gazteei erakusten dietena da sarketarik gabe ez dagoela sexurik. Eta, jakina, horrek gero frustrazioak sortzen ditu». Bereziki nesken artean sumatu du segurtasun falta. Inolako babes neurririk hartzen ez diren harremanetan, bikotekideak ukatzeko beldurra izaten da arrazoi nagusia: «Neska batzuek diote ez zaiela preserbatiboa erabiltzea gustatzen, baina zalantzak dauzkat horregatik ote den, edo badakitelako mutilei ez zaiela gustatzen».
Kontrazepzioaz aritzean, sarketa baginalaz hitz egiten dela ohartarazi du Ramirez de Ocarizek, eta, beraz, aniztasun gutxiko harreman heterosexualez. «Garrantzitsua da egungo erotika eredua zabaltzea, jokaera askok ez baitute arazorik sortzen: laztanek, musuek, elkar masturbatzeak... Ez genuke erotika koitalizatu behar». Bat dator Areta: harremanak ulertzeko modu pobreegia dagoela uste du. «Goitik beheraino erotikoa den gorputza daukagu, baina badirudi genitalek bakarrik balio digutela. Arakatu dezakegu, poliki joan, gozatu eta nahi dugun uneraino iritsi». Horren ordez, helburu batek gidatu ohi ditu sexu enkontruak: gizonezkoaren orgasmoak. Ez balitz horrela, harreman osasuntsu gehiago egongo liratekeela uste du Aretak: «Posible balitz esatea 'honaino aski', eta ez bageneuka beti helburu berbera buruan, neskek ere gauza gehiagori esango liokete baietz, amaierara 'iritsi beharraren' beldurrik ez luketelako izango».
Mito berriak
Azken hamarkadetan gehien garatu diren antisorgailuak, ziurrenik, hormonalak dira. 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, askapenaren sinbolo bihurtu ziren pilulak emakume askorentzat. «Gure gorputzaren jabe ginela sentiarazten ziguten, eta ez genuen gehiegi auzitan jartzen ona edo txarra izan ote zitezkeen», ekarri du gogora Aretak. Gaur egun, errezelo handiagoa dago emakume gazteen artean hormonekin. Sexu hezitzailearen ustez, desinformaziotik dator mesfidantza: «Gure gorputza ezagutzen badugu, zorrotz kontrolatuz noiz obulatzen dugun, posible da kontrazepzio ona egitea, baina jakin behar dugu metodo natural horien eraginkortasuna pilulena baino txikiagoa dela». Piluletan, bi mota daudela azaldu du: bi hormonakoak —konbinatuak— eta bakarrekoak. «Azken horiek albo kalte gutxiago dauzkate, baina hilekorik gabe uzten zaituzte; horregatik, emakume gutxik aukeratzen dituzte. Informazio egokia emango baliete, ziurrenik askoz gehiagok aukeratuko lituzkete, baina ezagutzen ez ditugunez, ezin dugu erabaki».
«1970eko hamarkadan, asko erabiltzen zen diafragma, baina horretarako ongi ezagutu behar zenituen zure genitalak», ekarri du gogora Ramirez de Ocarizek. «Gaur egun, ez da ohiko metodoa: gizarte honetan, kostatzen zaiguna ez dugu egiten. Errazagoa da eraztuna edo txaplata jartzea, zure gorputza ezagutzea baino». Osasun zerbitzu arruntek ere ez dute emakumeen autonomia sustatzen: aiseegi errezetatzen dute pilula bat edo beste, informazio osagarririk eman gabe. «Produktuak saltzen dizkigute, eta inork ez digu azaltzen zer egin infekzioak saihesteko, edo zergatik jokatzen duen gorputzak era batera edo bestera. Horregatik landu behar da sexu hezkuntza: geure burua ezagutzeko ikasgai bat behar dugu».
Errazago lortzeko, zailago ulertzeko
Berrogei urtean, bikoiztu egin da kontrazepzioa erabiltzen duten emakumeen kopurua munduan. Sexologoek ohartarazi dute: antisorgailuak eskuragarriago daude, baina haien inguruko kontzientzia ez da neurri berean hazi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu