Erreakzioak

2012ko apirilaren 12a
18:15
Entzun

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuaren adierazpenak entzun ondoren, Eusko Legebiltzarreko taldeek euren azalpenak eta galderak egiteko aukera izan dute.

UPD. Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkideak babesa agertu dio Ertzaintzari; hala ere, nabarmendu du haren jokaera "arduragabea" izan dela.

IU-Ezker Anitza. Mikel Arana IU-Ezker Anitzako koordinatzaileak uste du Ertzaintzaren jokabidea "defenda ezina" dela, eta espedienteen zabaltzea "berandu" heldu dela dio.

EA. Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak Cabacasen eta Gasteizen zauritutako Xuban Nafarrateren familiari elkartasuna adierazi die. "Ez gaude kasu isolatu baten aurrean; ertzain batzuen neurriz kanpoko jokaera ez da berria", esan du. Erantzukizun politikoa Aresek duela dio, eta ez dela "nahikoa arduragabekeriaren bat" egon zela esatea.

Aralar. Mikel Basabe Aralarreko legebiltzarkidearen arabera, "argi" dagoena da Ertzaintzaren jardunean, "batzuetan gutxienez, bortxaren erabilera" egiten dela. Barkamena eskatzeko eskatu du, eta gauzak "txarto" egindakoan ertzainei ere legea ezarri behar zaiela nabarmendu du, ”beste herritarrei bezala". Basabek "beharrezkoa eta egokia" ikusten du Poliziari buruzko kexak aztertzeko batzorde independente bat sortzea.

PP. Nerea Llanos PPko legebiltzarkideak uste du Ertzaintzak bere lana egin duela, herritarren eskubideak bermatzeko. "Edozein giza taldetan akatsak" egon daitezkeela dio, baina horrek ezin duela talde oso baten "izena kendu". Hala ere, gertaera "larria" izan dela esan du, eta ikertzen jarraitzeko eskatu du.

PSE-EE. "Politikan barkamena eskatzea ohikoa ez denez", Aresen jarrera eskertu du Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarkideak. "Adierazpen batzuk entzunda badirudi ertzainak gutiziaz heldu zirela hara, eta gogoratu behar da aurretik hiru dei jaso zituztela", esan du.

EAJ. Mikel Martinez EAJko legebiltzarkideak berretsi du ikerketa "muturreraino" eraman behar dela, eta Bilboko istiluak "oso larritzat" jo ditu. Gertatutakoa "mingarria eta azalpenik gabea" da, haren arabera. Gertaera horren gainetik, "inoiz baino gehiago" Ertzaintza babestu behar dela gaineratu du, eta Ertzaintza "botilakadaka" jasotzen dutenen jarrera gaitzetsi behar dela dio. "Egia eta justizia" eskatu ditu.

Ezker abertzalea ere mintzatu da, prentsa ohar bidez, Aresen agerraldiaz. "Lotsarik gabe aritu da, gezurretan, eta informazioa ezkutatu die Cabacasen senide eta lagunei, Bilboko herritarrei eta euskal jendarte osoari. Bere agindupeko polizien indarkeriazko jarduna justifikatu nahian dabil Ares, era erabat arduragabean. Era berean, erabat larria deritzogu Aresek lekuko eta kaltetuekiko erakutsi duen mespretxua".

Alternatibak ere prentsa oharra atera du: “Deitoragarriak eta murritzak izan dira Aresen hitzak, eta dimisioa emateko exijitzen diogu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.