Maribi Ugarteburu (ezker abertzaleko kidea): "Eusko Legebiltzarrarak ez du zilegitasun politikorik, ez baitago osatuta herritarren ordezkaritza demokratikoaren arabera. Lopezen gobernua ez da gai izan Euskal Herriko gatazka politikoaren konponbide prozesuak eskatzen duen tamainako inplikazioa erakusteko. Eta, bestetik, krisi sozioekonomiko sistemikoari ere Euskal Herriko jendartearen gehiengo zabalak eskatzen duen eraldaketari benetan ekiteko borondaterik gabe ageri da. Beraz, ezker abertzaleak argi ikusten du legebiltzarra desegin eta hauteskundeak deitu behar direla".
Aralar: "PPrekin hitzarmena apurtu ostean, PSEk aitzakia bakarra galdu du agintean jarraitzeko. Eusko Jaurlaritzak ahultasuna eta nekea ditu, eta benetan herritarrei on egin gura badie eta herritarren arazoak konpondu gura baditu, legegintzaldia bukatutzat eman behar du".
Juanjo Agirrezabala (EAko eusko legebiltzarkidea): "Hurrengo bilkuran hauteskundeak deitzeko eskatuko dut. Agonia luzatzeak ez du zentzurik. Euskal gizarteak gobernu indartsua behar du krisia eta normalizazio politikoa bezalako erronka handiei aurre egiteko. Jaurlaritza honek ez du zilegitasunik izan bere hasieratik".
Josu Erkoreka (EAJko diputatua): "Eusko Legebiltzarrak ikusiko du Jaurlaritza hau bideragarria den ala ez, eta EAJ horren arabera joango da bere jarrera finkatzen".
Jose Luis Bilbao (Bizkaiko ahaldun nagusia, EAJ): "Euskadik lehenbailehen gobernu berri bat behar du, Lopezen lidergoa hilda baitago dagoeneko. Zorionez, badirudi herri honek galdutako hiru urteen aroa bukatzen ari dela".
Xabier Mikel Errekondo (Amaiurreko diputatua): "Jaurlaritzak ez dio gatazka politikoaren konponbideari ekarpenik egin eta krisi sozioekonomikoari ez dio erantzun. Gainera, alderdi guztiak ez daude legebiltzarrean. Hauteskundeak deitu beharko lirateke, gizarte osoa ordezkatuta egoteko legebiltzarrean".
Jose Navas (Ezker Batuko bozeramailea): "Kontrolatutako leherketa da PSE eta PPrena. Hauteskundeak aurreratu beharko lirateke, baina ez PPk eskatzen duelako, baizik eta eskenatoki politikoa aldatu egin delako azken urteetan, ezker abertzalea baita gaur egun Euskadin indar nagusia".