HEZKUNTZA

Errebalidak eteteko bidea hasi du Espainiako Kongresuak

PSOEk legea aldatzeko proposamena aurkeztu du, eta aurrera atera da Podemosen eta Ciudadanosen babesarekin. PPk ez du alde bozkatu, baina aldaketak izango direla iradoki du.

Iñigo Mendez de Vigo Hezkuntza ministroa, Kongresuan. CHEMA MOYA, EFE
Garikoitz Goikoetxea.
2016ko azaroaren 15a
07:24
Entzun

Aurreko bi aldiak ezerezean geratu dira, gobernua osatu gabe zegoelako, baina gaur bai: Espainiako Kongresuak bidea hasi du LOMCE erreformaren ezartze egutegia bertan behera uzteko. Horrek zuzenean eragingo die errebalidei, aurten baitituzte martxan jartzekoak DBHn eta Batxilergoan —zuzeneko eragin akademikorik gabe, hala ere—.

PSOEk aurkeztu du lege proposamena. Bi atal nagusi ditu. Batetik, LOMCEren ezartze egutegia geldiaraztea, “eta egutegia garatzeko arauak ere bai, oraindik ez badira indarrean jarri edo ezartzen hasi”. Errebalidak dira horiek. Bestetik, beste lege baterantz bidea egiten hastea: gobernuari eskatu diote egin dezala hezkuntzarako lege proiektu bat, “negoziazio eta elkarrizketa prozesu baten ondoren”, LOMCE legea bertan behera utziko duena.

PSOEren proposamena aurrera atera da, Ciudadanosek eta Podemosek babestu egin dutelako; gainerako talde gehienek ere babestu dute. Ciudadanosen babesa da aipatzekoa, PPrekin akordioa sinatua baitu talde horrek —Mariano Rajoyren inbestidura saioan baiezko botoa eman zuen—. Gogoan izatekoa da, ordea, aurretik PSOEk eta Ciudadanosek sinatu zutela hitzarmena, eta han jaso zuten LOMCE geldiaraztea “indarrean sartu gabeko ataletan”. Errebalidetan, alegia.

PPren gutxiengoa erakutsi du bozketak, horrenbestez. Gobernua saiatu da egitasmoa geldiarazten —betoa ezarri dio proposamenari, diru galera handia lekarkeela eta—, baina Kongresuak ez du aintzat hartu. PPk PSOEren proposamenaren aurka bozkatu du, lehenago beste akordio bat lortu behar dela uste baitu. "Ardia baino lehen zintzarria ekartzea litzateke proposamen hori onartzea", adierazi du Rafael Hernando bozeramaileak. Hala ere, aurreratu du "aurrerapenak" izango direla datorren astean ministerioak eta autonomia erkidegoek egitekoa duten bileran.

Proposamenak aurrera egin du Kongresuan. Lehen bozketa izan da gaurkoa: Senatura joango da ondoren, eta bueltan Kongresura gero.

Ezegonkortasuna handia da oraindik, beraz, nahiz eta lehen hiruhileko azterketak hastear dauden. Izatez, errebalidak egiteko asmoarekin jarraitzen du gobernuak, eta zirriborroak ere egin ditu. Datorren ostegunean dira biltzekoak ministerioko eta erkidegoetako arduradunak. Gobernuaren asmoaren bestelako norabidea hartuko du parlamentuak, ordea. Eta erdian daude ikasleak. Airean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.