HEZKUNTZA

Errebalidak ez dira gainditu beharko titulua lortzeko, oraingoz

Rajoyk iragarri du “hezkuntzako akordio nazionala” lortu arte ez dutela zuzeneko eragin akademikorik izango DBHko eta Batxilergoko azken azterketek. Selektibitatearen lekua beteko du Batxilergoko probak.

Mariano Rajoy, Espainiako Kongresuan. JUAN CARLOS HIDALGO, EFE
Garikoitz Goikoetxea.
2016ko urriaren 27a
08:03
Entzun

Atzeraldi bat planteatu du Mariano Rajoyk Espainiako Kongresuan. Gobernuburu izendatzeko eztabaida saioa egiten ari dira, eta PSOEk bota dio amua: errebalidak geratzeko asmoa iragar dezala. Erantzun txandan eman du albistea Rajoyk: errebalidek ez dute zuzeneko eragin akademikorik izango oraingoz. Alegia, titulua berdin jasoko dute ikasleek, nahiz eta azterketa hori ez pasatu.

Azken finean, Rajoyren proposamena da aurtengo sistema datozen ikasturteetara hedatzea, harik eta Madrilen “hezkuntzako akordio nazionala” adosten duten arte. Aurten, izan ere, teorian egitekoak dituzte DBHko eta Batxilergoko azken azterketak, baina ez dute balioko titulua eskuratzeko; salbuespen gisa jaso zuten hori LOMCEn, lehen urtea izanik titulua lortzeko giltzarri ez izatea errebalidak. Hori luzatu egingo dute, beraz.

Batxilergoko azterketak, bai, izango du eragin akademiko bat: unibertsitaterako sarbidea arautuko du. Azken finean, orain selektibitateak egiten duen funtzioa beteko du. Akordioa lortu arte horrela segituko dutela azaldu du Rajoyk: “Ordura arte, Batxilergoko amaierako ebaluazioa ez da ezinbesteko izango titulua lortzeko, eta soil-soilik unibertsitatera sartzeko balioko du”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.