Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreformarekin ados agertu da Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilaria, eta ukatu egin du auzitan jarriko dituenik hezkuntzan Nafarroak dauzkan eskumenak. "Nafarroaren berezitasunak kontuan izango dituela esan zidan ministroak berak", jakinarazi du gaur, Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldi batean. "Hutsune" batzuk ikusi dizkio Jose Ignacio Wert ministroaren asmoari, baina guztiak dira teknikoak. Oinarriarekin erabat ados agertu da, eta nabarmendu du ezinbesteko dela akordioa lortzea. "Estatu akordioa behar da, gobernua aldatzen den bakoitzean ez dadin hezkuntza legea aldatu".
NaBaik eskatuta joan da legebiltzarrera Iribas, erreformaren aurrean Hezkuntza Departamenduaren jarrera zein izan den azaltzera. "Eraikitzailea" izan da jokabidea, kontseilariaren esanetan: "Jakin badakigu Wertek asmo sendoa daukala proiektua aurrera ateratzeko. Beraz, jarrera pragmatikoa hartu dugu, legea ahalik eta onena izan dadin". Nabarmendu du Nafarroako Gobernuak egindako eskari ugari aintzat hartzeko hitza emana duela Hezkuntza Ministerioak.
Hizkuntzei buruz galdera egin diote oposizioko alderdiek, eta eskumenei buruz ere bai. Horrelako kontuei buruz apenas eman duen argibiderik, ordea. Eskumenak: "Gure erkidegoaren errealitatea errespetatuko du erreformak. Nafarroa agertuko da Espainiari, Europari eta munduari lotuta, eta bermatuko da gure sustraiak, kultura, hizkuntzak eta egoera instituzionala ikastea". Hizkuntzak: "Noski, hizkuntza ofizialak bezala ebaluatuko dira koofizialak ere".