Espainiako Gobernua bultzatzen ari den hezkuntza erreformaren aurkako mobilizazio eguna antolatzen ari dira LAB, EILAS eta ELA sindikatuak martxoaren 2rako. Protestak izango zirela aurreratu zuten, eta erabaki dute Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egitea manifestazioak. 17:30ean abiatuko dira martxak Iruñean (Autobus geltokitik), Bilbon (Jesusen Bihotzaren plazatik) eta Donostian (Bulebarretik); 19:00etarako jarri dute hitzorduan Gasteizen, Bilbo plazan.
Euskal Herrian geure hezkuntza! leloarekin egingo dituzte manifestazioak, eta, erreforma ez ezik, murrizketak ere salatuko dituzte.
Oraindik argitzeko dago zer-nolako babesa izango duen hezkuntzako gehiengo sindikalaren deialdiak. Herenegun, erreformaren aurkako adierazpen bat aurkeztu zuten dozenaka eragilek; LABek, EILASek eta ELAk, ordea, ez dute bat egin agiriarekin. Adierazpena sinatu bai, baina eragile horiek oraingoz behintzat ez dute bat egin martxoaren 2rako deialdiarekin.