Erreformen bidez tasak igo izana ukatu du NUPeko errektoreak

Karlosenak egokitzat jo du ikasleen protestetan izandako jarrera. Sei hilabeteko matrikularen aldeko mozioa onartu du Hezkuntza Batzordeak

Ion Orzaiz.
Iruñea
2016ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
«Antolaketa akademiko hutsa». NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore Alfonso Karlosenak hitz horiekin definitu du zentroan bultzatu nahi duten erreforma sorta, eta garrantzia kendu die hainbat ikasle elkartek azkenaldian agertu dituzten kezka eta zalantzei. «Harrituta nago, moldaketa honen inguruan sortu den polemika ikusita: egiazki, barne antolakuntzari lotutako aldaketa soil eta logiko bat besterik ez da», esan zuen atzo, Nafarroako Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean eginiko agerraldian.

Horrez gainera, ikasleek, sindikatuek eta zenbait alderdi politikok azken asteetan eginiko salaketei erantzun die errektoreak. Alde batetik, ukatu egin du erreformen bidez unibertsitateko tasak garestitu izana: «Matrikulak prezio jakin bat du, eta prezio hori ez du NUPeko errektoretzak ezartzen, Nafarroako Gobernuak baizik». Halaber, matrikula epeka ordaintzeko aukerari eutsiko diotela ere ziurtatu du. «Gauza asko esan izan dira erreformaren inguruan: unibertsitate eredu elitista bat bultzatzen duela, edota hezkuntza publikoaren kontrako erasoa dela. Astakeria galanta da hori».

Parte hartzeari dagokionez, berriz, Karlosenak adierazi du «ikasleen ordezkari ofizialekin hitz eginda» hartu dituztela erabaki guztiak. Gerora zehaztu duenez, ordea, zuzendaritzak jada erabakia zuena berresteko jo zuten ikasleengana: «Hainbat aferaren inguruan erabaki dezakete ikasleek, baina beste batzuetan, guk ebatzi behar dugu nondik jo. Aurrera egin behar dugu, irailaren 8an hasiko baita 2016-2017ko ikasturtea».

Erreforma baten erreforma

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoretzak aplikatu nahi dituen aldaketak, berez, aurretik eginiko erreforma baten gainean eginiko «zuzenketak» dira, Karlosenaren esanetan. Izan ere, seihileko plangintza integrala ezarri zuten 2009an. Horren arabera, ikasle batek lehen seihilekoan ikasgai bat gainditzen ez bazuen, ikasgai hori bera bigarren seihilekoan egiteko aukera zuen, hurrengo ikasturtearen zain egon gabe. Sistema horrek, ordea, «alde txar ugari» zituen, errektorearen irudiko: «Besteak beste, luzatu egiten zen egutegi akademikoa, eta baita matrikula epeak ere; bestalde, ikasleek ikasturte erdirako bekak soilik eska zitzaketen». Arazo horiek guztiak kontuan hartuta, seihileko matrikulak alboratu eta urte osoko sistemara itzultzeko erabakia hartu zuen unibertsitateak.

Hain zuzen, orain arteko sistema alboratu baino lehen, ikerketa bat egin dezala eskatu dio legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak NUPeko errektoreari. Ezkerra talde parlamentarioak aurkeztu du mozioa, eta horrekin bat egin dute UPN, PSN, Ahal Dugu eta PP taldeek. Geroa Baik eta EH Bilduk, berriz, abstentziora jo dute.

Geroa Baiko Maria Solanak, zehazki, beharrezkotzat jo ditu erreformak, «burokraziak ikasleei sortzen dizkien arazo errealak konpontzeko balio duten neurrian». EH Bilduko Miren Aranoak, berriz, «alde onak eta txarrak» ikusten dizkie sistema zaharrari nahiz berriari. «Hortaz, ez dugu eginen ez bataren, ez bestearen alde». Ezkerra, Ahal Dugu eta PSN taldeek, azkenik, aldaketa guztiak ikasleekin negoziatzeko eskatu diote errektoreari.

Bestalde, apirilaren 28an ikasleek eginiko manifestazioaz galdetuta, Foruzaingoari dei egiteko erabakia «egokia» izan zela uste du Karlosenak. «Erabaki eztabaidagarria izan liteke, baina foruzainen esku hartzeagatik izan ez balitz, ezinen genukeen unibertsitateko gobernu kontseiluaren bilera egin». Polizia operazioa «arina» izan zela ere gaineratu du, eta ikasleei egotzi die «bortxaz» aritu izana. «Indarkeriak ez du tokirik inon, eta are gutxiago unibertsitatean». Protesta baketsua izan zela gogorarazi diote EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra talde parlamentarioetako ordezkariek, eta Foruzaingoari dei egin izana txarretsi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.