Klima larrialdia

Erregai fosilak amaitzeko eskatzeko manifestazioa egingo dute ostiralean

Bilbon egingo dute mobilizazioa, ‘Deskarbonizazioa orain! Azkarra, zuzena eta behin betikoa’ lelopean. Petronor enpresak eragiten dituen kalteak ere salatu nahi dituzte.

Ostiraleko klima aldaketari mugak jartzeko manifestazioaren aurkezpena, gaur, Bilbon. Sara Ibañez Ortega eta Alex Martinez Vila, erdian. ARITZ LOIOLA / FOKU
iraia vieira gil
2023ko irailaren 12a
17:29
Entzun 00:00:0000:00:00

Irailaren 20an egingo du NBEk klimari buruzko goi bilera, New Yorken. Klima larrialdiaren aurrean hainbat herrialdek duten «anbizio eskasa» salatu nahi dute, eta munduko tenperaturaren igoerari mugak jartzeko gobernu horien borondatea piztu. Euskal Herriko hainbat talde ekologistak bat egin dute nazioarteko deialdiarekin, eta deskarbonizazioaren aldeko manifestazioa antolatu dute ostiralerako; Bilbon izango da, 19:00etan. Oro har, erregai fosilen amaiera eta «justizia sozial eta ekonomikoan» oinarritutako energia eredua aldarrikatu nahi dituzte. Deialdiaren leloak, hain zuzen, agerian uzten du haien nahia: Deskarbonizazioa orain! Azkarra, zuzena eta behin betikoa.

Nazioarteko emisio kutsatzaileek gora egiten jarraitzen dute etengabean, eta, talde ekologisten arabera, murrizketak ezartzetik «oso urrun» daude gobernuburu asko. Euskal Herrian, esaterako, Europako findegi handienetariko bat martxan dago, «zigorrik jaso gabe»: Petronor (Muskiz, Bizkaia). «Hirigunean eta padura batean kokatuta dago, eta hidrogeno berdea, erregai sintetikoak eta zaborren pirolisia ekoizteko planak ditu; hori guztia diru laguntza publiko ugarirekin hornituta», azaldu dute Sara Ibañez Ortega eta Alex Martinez Vila ekologistek manifestazioa aurkezteko gaur egin duten agerraldian. Ondorioz, eskaera zuzena egin diote ostiraleko protestaren antolatzaileek Eusko Jaurlaritzari: «Deskarbonizazio bidezko klima politiketan, anbizio handiagoa eta premiazko lana izan behar ditu».

Nazioarteko gobernuek, orokorrean, krisialdiaren aurkako politikak gogortu beharko lituzketela uste dute ekologistek; are zehatzago, herrialde aberatsei dagokienez. «Europako Batasuneko herrialdeek, Amerikako Estatu Batuek, Kanadak, Japoniak eta Australiak beren ekonomien erabateko deskarbonizazioa lortu behar dute 2040a baino lehen, karbono zor historiko handiarengatik». Era berean, petrolioa eta gasa duten herrialdeen presioari aurre egin beharko lioketela uste dute, eta lobbyen interesen gainetik aritu. Ekologistentzat «ulertezina» da Arabiar Emirerri Batuetako ADNOC petrolio enpresako burua izatea aurtengo COP28ko presidentea, horrek «bateraezintasun erregimen bat» sortzen duelako.

Bestalde, antolatzaileen iritziz, herrialde aberatsenek «pobretuenekin» dituzten «harreman neokolonialistak» amaitu behar dituzte. «Teknologia, gaitasun eta finantzaketa gehigarri, nahikoa eta egokia bideratu behar zaizkie herrialde pobretuenei». Eta, horrekin guztiarekin batera, bestelako garapen ereduak eskaini behar zaizkie.

«Babes gabeko herritarrak»

Krisialdi gehienetan bezala, «babes gabeko herritarrek» nabaritzen dituzte klima larrialdiko ondorio gehienak, eta haiek ordaindu behar dituzte «krisiaren kostuak»; energia horniduraren prezioen igoera, deskarbonizazioaren plangintza zehatzik eza, etxebizitzen isolamendu termikoa ezin ahalbidetzea, langabezian daudenei erantzuteko ezintasuna edota familia ahulenei laguntza eskaintzeko zailtasuna, esaterako. Ekologistek argi dute: «Justizia klimatikoa bakarrik izango da posible ekosistemen eta giza eskubideen babesarekin batera». Justizia horren barruan, gainera, «beharrezkoak» dira klima errefuxiatuak kontuan hartuko dituzten harrera politika duinak.

Askotariko taldeek bat egiten dute klima larrialdiari mugak jartzeko nazioarteko deialdiarekin, eta guztien artean antolatu dute ostiraleko manifestazioa; beste batzuekin batera, Ekologistak Martxan, Euskal Gune Ekosozialista, Extinction Rebellion Bizkaia, Fridays For Future eta Meatzaldea Bizirik talde ekologistek, ELA eta Steilas sindikatuek, Ezker Anitza alderdiak, eta Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Sare Antifaxista erakundeek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.