Erregaia eman, dirua xurgatu

Erregaien garestitzeak ondorio handiak ditu jende xehearen moltsan eta hainbat ofiziotan, eta beste gisa batez bizitzeko edota alternatibak bilatzeko gogoeta hasi da

ENEKO BIDEGAIN
2006ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Kontsumitzaileak burua makur etortzen dira ordaintzera, abere hiltegira joaten balira bezala». Hori dio Baionako gasolindegiko langile batek. Moltsak gaitzeko ostikoa biltzen du autoari erregaia botatzen zaion guztiz. Aste honetan ere gora egin dute prezioek. Diesel litroak euroa gertu du Hego Euskal Herrian, eta 1,127 eurotan da Ipar Euskal Herrian. Bataz besteko zenbakiak dira. Berunik gabea are garestiagoa da. 1,069 eurotan da litroa Hegoaldean, eta 1,347 eurotan Iparraldean.

Txanponak errepidean doaz. Horretaz zerbait daki Aline Oilarburuk. Gamarten bizi da, Baxenabarren. Baionan ari da lanean, erietxe batean. Bataz beste, astean 400 kilometroko bidea egiten du lanera joateko. Bi astetik behin hartzen du gasolina. «Horrek ondorioak baditu etxeko aurrekontuan. Gero eta diru gehiago behar dut gasolinarentzat. Beste gauzentzat kasu egin behar dut. Lehen noiz nahi hartzen nuen autoa, pausako egunetan ere joaten nintzen Baionara. Orain aise gutxiago».

Frantziako Industria ministerioaren arabera, autoek urtean egiten duten bataz besteko kilometro kopurua %3z apaldu da. Urtean 13.000 kilometro egiten dituzte. BERRIA-rekin hitz egin duen gasolindegiko langileak ez du aldaketarik nabaritu. «Kasu ematen dute, aldian 5 euro, 10 euro edo 20 eurorako gasolina hartzen dute. Gasolina gehiago kudeatzen dute. Gehiago joaten dira supermerkatuetara. Baina ez dut uste askoz gutxiago kontsumitzen duten. Jendea beti haserre izanen da. Duela hamabost urte berdin zen».

Ez da bakarrik haserrea Henri Pivert Ziburuko arrantzalearena. Kezka sakonak ditu. «Oso denbora gutxiz, erregaien prezioak bikoiztu dira. Arrantzaleon irabazia %35ez murriztu da. Arrantzale askok lana utzi dute horregatik». Kezka bertsuak dituzte garraiolariek ere. Eta prezioek garesti izaten jarraituko dute, botere publikoek ez baitute zergak apaltzeko xederik.

Eta garraio publikoak bultzatzeko xederik ere ez, Ipar Euskal Herrian bederen. Gutxi batzuk autoa betetzeko gisan antolatzen dira. Xan Goenaga eta bere bi lankide egunero elkarrekin joaten dira lanera, Baionatik Kanbora. «Ez bakarrik erregaien prezioarengatik, baizik eta gutxiago kutsatzeko». Txandaka hartzen dute autoa, aspaldian. Ez da sinple. «Ez da aski egiten. Arazoa da batzuetan batek besteak baino oren bat goizago buka dezakeela lana. Beti bada aitzakia norberak bere autoa hartzeko. Autoa elkarrekin erabiltzeak ordutegi bera eskatzen du. Batzuentzat hori traba gaindiezina da».

Ternoseko Turbomeca enpresak autobus zerbitzua ezarri zuen langileentzat. Baina urtetik urtera gero eta gutxiagok erabiltzen du, lanetik landa erosketak egitera joateko dela, gurasoei bisita egiteko... Etxetik lanerako orduetan eta lanetik etxerakoetan, auto lerro handiak dira errepidean, auto bakoitza pertsona bakarrarekin.

Action Consommation kontsumitzaileen elkartearen iritziz hirigintza politika da aldatu behar. «Garraioetan euro batzuk berreskuratzea baino zentzuzkoagoa litzateke hiri erditik hurbil etxebizitza duinak prezio egokian ezartzea, eta garraio publikoen eskaintza zabaltzea».





############



Landare olioen alternatiba

Laborari batzuk beren bioerregaiak ekoizten hasiko dira udazkenean, traktoreetan erabiltzeko
E. Bidegain

Baiona

Alain Justek berriz ere hitzordua dauka auzitegian. Gaur, Bordelen. Lot-et-Garonne departamenduko (Frantzia) prefetak Villeneuve-sur-Lot herri elkargoaren erabakia baliogabetu nahi du, eta horregatik jo du administrazio auzitegira. Herri elkargo horretako zabor biltzeko kamioietan landare olioa erabiltzen dute erregai gisa, iazko udazkenetik hona. Eta hori ez da legezkoa... Frantzian. Alain Juste Valenergol enpresako arduradunak badaki hori.

Nola ez du jakinen! «1997tik hona auzi anitz ukan dugu, eta denak galdu ditugu». Badu hamalau urte berak eta bere lagunek landare olioa erabiltzen dutela auto pertsonaletan. Landare olioa lekuko laborariek berek ekoizten dute eguzki lorearekin edota koltzarekin. Diesel autoetan nahas daiteke gasolioarekin (%30 landare olio ezarriz). Motorrean iragazki berezi bat ezarriz gero, depositua osoki bete daiteke landare olioz. Ekologikoa izateaz gain, merkeagoa da.

Petrolio ekoizpenen gaineko zerga ez ordaintzeagatik daude auzitan. «Orotara 10.000 euroko isunak ordaintzera kondenatu gaituzte, eta gure soldatetatik zuzenean kendu digute dirua». Dena ez dute galdua. Europako Batasunaren araudiek landare olioa erabiltzea onartzen dute. Alain Justek helegiteak aurkeztuko ditu Europako auzitegietan, eta orduan auziak irabaztea espero du. Europako zenbait herrialdetan landare olioa legezkoa da.

Ipar Euskal Herrian ere hasi nahi lukete landare olioa erabiltzen. Alternatiba elkarteak landare olioa ekoizteko prentsa bat erosi du. Udazkenetik goiti landare olioa ekoizteko gai izan nahi dute. Euskal Herriko Laborantza Ganberarekin ari dira lanean. Laborariek berek ekoiztu landare olioa erabil dezakete beren traktoreetan. Hori legezkoa da, saltzen ez duten bitartean.

Ipar Euskal Herriko bost laborarik eguzki lore alorrak landatu dituzte eta udazkenean ekoiztuko dute landare olioa. Prisca Boiteau Di Marco ari da laborariekin. Udazkenean gutxienez beste bost laborarik koltzarekin landare olioa ekoiztea espero du. «Esperimentazioa da. Urrunago joatea espero dugu». Laborariak ez dira erregaiarekin bakarrik gelditzen. Olioa ez den beste zatia abereentzako elikagai gisa erabiliko dute.

Laborantza Ganberakoek oraingoz ez dute erregai mota hori autokontsumoaz urrunago hedatzeko asmorik. Ez bakarrik araudiengatik. «Oraingoz ez dago ekoizlerik aski autoentzako ekoizteko». Hektarea bateko alorra behar da familia batek urte baterako landare olioa ukan dezan. Ipar Euskal Herriko biztanle guztientzako ekoiztu behar balitz, 100.000 hektarea behar lirateke. «Ezinezkoa da petrolio bezainbat landare olio ekoiztea», dio Alain Justek. «Lur azalaren %30 hartuz, behar energetikoen %18 beteko genituzke».

Alternatiba elkarteak landare olioak bultzatu nahi ditu, baina oroz gainetik «helburu pedagogiko» batekin, Antoine Ducoulombier-en arabera. Kontsumitzaileen kooperatiba bat sortu nahi lukete, eta kontsumitzailea bera joanen litzateke beren prentsara, olioaren bila. Erregaia eskualdean bertan ekoiztuz, «independentzia industriala» lortu nahi dute. Baina etorkizunean «energia aurrezteaz beste aterabiderik» ez dela izanen diote Alternatibakoek, Alain Justek bezala.





############



Petrolioaren prezioa

71,37

Brent petrolio upela. Euskal Herriko gasolindegietan erabiltzen den erregaiaren prezioa kalkulatzeko, konpainiek Ipar Itsasoko upela hartzen dute erreferentzia gisa. Upel hori etorkizuneko kontratuetan salerosten da Londresko merkatuan, eta iragan apiriletik, salbuespen bakan batzuekin, beti 70 dolarretik gora mantendu da. Atzo, adibidez, 71,37 dolarretan amaitu zuen jarduna, baina egunean zehar 72,67 dolarretan ere salerosi ziren uztaileko kontratuak. Ali Khamenei Irango erlijio agintari gorenak ohartarazi zuen Ameriketako Estatu Batuek eta Europako Batasunak presio egiten badiote herrialdeari petrolio esportazioak arriskuan egongo direla. Iranek egunero 2,5 milioi upel esportatzen dituela jakinda, ezinegon handia sortu zen merkatuko salerosleen artean. Egunak aurrera egin ahala, prezioak lasaitzen joan ziren, baina.





############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.