UPNren eta PSNren arteko gobernu akordioa hautsi egin da, baina lurrikara horren ondorioak haratago doaz. Herenegun gauerdian, Yolanda Barcinak Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusia gobernuko presidenteorde kargutik kendu ostean, krisia arazo pertsonal batera mugatu nahi izan du Nafarroako lehendakariak. PSNren zatiketan sakontzeko ahaleginari erantzun dio asmo horrek, baina UPNren taktikari izkin egin ostean, oposiziorako bidea hartu du alderdi sozialistak. Horrenbestez, orain aukeraz betetako jokaleku bat irekitzen da. Etorkizun horretan, azken hamarkadan Nafarroako politika baldintzatu duen harremanaren parametroak iragana dira. Nafarroako erregimena hautsi egin da. UPN eta Yolanda Barcina bakarrik geratu dira.
Kontu publikoen gaineko zalantzek eragin dute haustura. Duela bi aste, Ogasun departamenduak bat-batean 132 milioi euroko gastua blokeatzeko foru agindua eman ondotik eztanda egin zuen gobernu krisiak. Erabaki hura ekainaren 1eko eguerdian hartu zen. Roberto Jimenezek hasieran batean foru agindu hura onartu egin zuen, « estatuak Nafarroan esku hartzeko arriskuaz» ohartarazi ziotelako Mirandak eta Barcinak. UPNko bertsioaren arabera, ez zuten mehatxu hori egin eta Jimenezen onarpena lortu ondotik, gero PSNk atzera egin zuen. Bertsio kontrajarriak izanagatik, emaitza da PSNk hautsitzat eman zuela gobernu ituna.
Bi asteotan, gobernu krisiak gorabehera handiak izan ditu. Dena den, azken astean barne arazo hura konpontzen ari zela ematen zuen. Izan ere, ekainaren 7an Jimenezek eta Barcinak bide-orri bat diseinatu zuten. UPN prest zegoen kontuak ikuskatzeko. Egoera onbideratuta zegoenean, herenegun Jimenezek komunikabideen aurrean adierazi zuen 132 milioi euroko zuloa handiagoa ere izan zitekeela.
Roberto Jimenezen adierazpen horiek gertaerak azkartu egin ditu. Gauerdian, Barcinak gutun bidez Roberto Jimenez kargugabetu egin zuen, eta erabaki horrek hankaz gora utzi du gobernua. Berehala, «Jimenezekiko elkartasunagatik» Anai Astiz eta Elena Torres kontseilariek dimisioa aurkeztu zuten. PSNk goizean zein arratsaldean azpimarratu bezala, «oposizioko lehen eguna» izan zen atzokoa. Gaur, alderdiaren organo gorena, lurralde batzordea, bilduko da Iruñeko Sarasate pasealekuko egoitzan eta zuzendaritzak hartutako erabakia babestuko du.
Sanz eta Caballero, aurka
Atzo eguerdian, UPNren zuzendaritza batzartu zen alderdiko lehendakariak hartutako erabakia aztertzeko eta gehiengo handiz babesa eman zioten Barcinari. Hala ere, ez zen erabateko adostasuna izan. Bi ahots kualifikatuk, Miguel Sanz Nafarroako lehendakari ohi eta UPNko presidente ohiak eta Javier Caballero presidentetzako kontseilari ohiak, kontra bozkatu zuten. UPNren eta PSNren arteko akordioen aldeko defendatzaile sutsua izan daMiguel Sanz. Are gehiago 2007ko abuztuan bere eserlekua arriskuan ikusi zuenez geroztik. Jose Blanco buruzagi sozialistarekin uda hartan hitzartutako akordio haren ondotik hautsi zuen urtebete beranduago koalizio ituna UPNk PPrekin. Hala, epe luzera Jimenezen kargugabetzeak ekar ditzakeen ondorioez jakitun, Sanzek aurka bozkatu zuen.
UPN: arazo pertsonal bat
Barcinak, alabaina, gobernuaren krisia arazo pertsonal gisa aurkeztu nahi izan du. Bere ikuspuntutik, arazoa ez dakoalizioa gobernua, atzora arte lehendakari orde izandako Roberto Jimenez baizik. «Troiako zaldi bat izan da, Gobernu barrutik oposizio lanak egiten aritu da». Behin eta berriz aritu da koalizioaren alde, koalizioa hautsi duen egun berean. Nekatu gabe errepikatu du sozialistekin gobernuan jarraitzeko proposamenak indarrean jarraitzen duela, eta hausturaren jatorria Jimenezek alderdiaren barruan duen ahultasuna izan daitekeela iradoki du. Lidergo falta egotzi dio. PSNko ordezkariaren «leialtasun falta» nabarmentzeko, gainera, txalotu egin du dimisioa aurkeztu duten PSNko beste bi kontseilarien lana. «Kontseilari bati dagokion lana egin dute, eta ez oposizioarena». Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako PSOEko idazkari nagusiari ere helarazi dio koalizioaren aldeko mezua.
Hauteskundeak aurreratzeaz hitz erdirik ez. «Egonkortasuna» da Barcinaren hitzetan Nafarroak orain behar duena. Baina zail izango du. PSNk Jimenezi uko egiteko asmorik azaldu ez duenez, gutxiengoan gobernatuko du UPNk aurrerantzean. Parlamentuko 50 eserlekuetako 19 baino ez dituzte, eta, beraz, kasuan kasu lortu beharko dituzte aurrera egiteko sostenguak. PSNk bederatzi parlamentari ditu; NaBaik zortzi; Bilduk zazpi; PPk lau eta Ezkerrak hiru.
Plan horren bideragarritasunaz galdetuta, hitzarmenerako gogo hori azpimarratu du etengabe Barcinak. Baina akordioak norekin bilatuko dituen adierazterakoan berehala zehaztasun esanguratsua gehitu du. «Espainiako Konstituzioan eta Foru Hobekuntzan sinesten dutenekin bilatuko ditut hitzarmenak». Behin PSN bazterrean utziz gero, hautagai bakarra geratzen zaio: PPN. Nafarroako Alderdi Popularreko lau parlamentarien sostenguak ez dio bermatzen gehiengorik.
PSN: «Atzera bueltarik ez du»
Gobernu krisiaren ardura Roberto Jimenezengan jartzeko UPNri asmoari oso modu grafikoan erantzun dio PSNk. Zuzendaritzako kide guztiak eta Anai Astiz eta Elena Torres atzean zituela, Roberto Jimenezek Barcinari «arduragabezia handiz» jokatzea leporatu dio. «Ondotxo daki PSNko idazkari nagusia botatzea, PSN gobernutik botatzea dela. Halaxe esan dio Alfredo Perez Rubalcabak eta halaxe erantzun diot nik». Bere ustez, «UPNko sektore atzerakoienen aurrean amore eman du eta ez ditu ondo neurtu erabakiaren ondorioak. Erabakiak ez du Atzera bueltarik».
Argi utzi nahi izan du Jimenezek PSNk ez duela gobernua utzi, baizik eta UPNk «kanporatu» duela gobernutik, «herritarrei egia esan nahi izateagatik». PSNko idazkari nagusiaren esanetan, egiturazko defizitaren osaeraren inguruko informazioa eskatu zaio Barcinari, «eta erantzuna izan da kargugabetzea». Horregatik, Nafarroarekin desleialtasunez jokatu duena «Nafarroako kontuak kinka larrian utzi dituztenak izan dira».
PSNk aurreratu du Parlamentuan kontuen gaineko ikerketa batzordea irekiko duela. Jimenezen arabera, kontuen benetako egoera jakiteak ez du zertan inongo alarmarik sortu behar: «Zerbait ezkutatzeko dutenak dira beldurtuta egon behar dutenak». Bere ustez, kontuen gaineko «iluntasun harresi bat» altxatu du UPNk, eta defizitaren «zifra erreala eman gabe» jarraitzen du. Ikerketa batzordeak «kontuak biluztuko» dituela espero du.
PSNk Nafarroako kontuen benetako egoera ez bazekien nolatan egon den gobernuan galdetu zaionean, Jimenez bere bertsioaren kontakizuna egin du. Gogoan ekarri du irailean Nafarroa «larrialdietan» zegoela esan zuenean alarmismoz jokatzea leporatu zitzaiola. Gero, gogoan ekarri du azken hilabetean hiru aldiz diru sarreren gaineko zifrak aldatu dituela Ogasun departamenduak. «Demagun 132 milioi euroko murrizketa onartzen dugula... Eta irailean edo sanferminen bezperatan beste zulo bat agertzen bada? Honaino iritsi gara».
Oposizioko beste alderdiekin gobernua osatzeko prest ote dagoen galdetuta, auzi hori ez dutela aztertu zehaztu du. «Pixkanaka» joateko asmoa dute.
Nafarroako Gobernuaren haustura
Erregimen nafarra hautsi da
PSNk dio UPNk kanporatu duela bera gobernutik, eta kontuen gaineko ikerketa batzordea eskatuko du parlamentuanUPNk gutxiengoan aginduko du, eta orain bozak aurreratzeko asmorik ez du azaldu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu